Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluaren arabera, arriskutsuak diren praktikak egin dituztenei GIBaren testak egiteko erraztasunak ematea da programa honen helburua. Arrasaten astelehenean jarri zuten martxan. Hala, Debagoienean zerbitzu hori eskaintzen duen lehenengo farmazia da Juan Antonio Irizar.
Orain arte, Gipuzkoako bost udalerritan egin zitekeen proba hori: Donostian, Eibarren, Errenterian, Irunen eta Tolosan. Aurrerantzean, berriz, Arrasateko, Beasaingo, Urretxuko eta Zarauzko farmazietan ere jarri dute martxan GIBaren testa.
Azkartasuna eta konfidentzialtasuna
GIBaren testaren ezaugarrietako bat azkartasuna da. Ziztada baten bitartez, odol tanta bat uhal erreaktibo baten gainean jartzen da, eta hamabost minutuan lortzen da emaitza. Juan Antonio Irizar farmaziako langile den Tamara Irizarrek dioenez, test horrek %99,7ko fidagarritasuna dauka.
Euskadin, gutxi gorabehera, 8.000 herritar inguru dira seropositiboak. Hala ere, herenak bakarrik daki hiesaren eramaile dela. GIBaren testak, bestalde, bezeroen konfidentzialtasuna garantizatzea du helburu; izan ere, Tamara Irizarren hitzetan, herritar askok nahiago dute proba hori anonimatuan egin.
GIBaren testa egitea bost euro kostako da, eta homosexualak direnei sifiliaren probak eskainiko dizkiete, doan.