Duela bost urte jarri zuten martxan ekimena EAEn. 36 farmaziatan egin zitekeen GIB birusaren proba azkarra orain arte, eta astelehenetik aurrera 46tan egin ahal izango da. Programara batutako hamar farmazia horietatik lau Gipuzkoakoak dira: Arrasate, Beasain, Zarautz eta Urretxukoak, hain zuzen.
Programaren helburua da arrisku-praktikak izan dituzten pertsonei proba egiteko bidea erraztea, farmazialari profesionalek eskaintzen duten azkartasunarekin eta konfidentzialtasunaren berme osoarekin.
Nola transmititzen da GIB birusa?
Hiru bidetatik transmititzen da GIBa: sexu bidez, odolaren bidez eta ametatik haurretara. Birus horrek eragindako infekzioaren egoera aurreratu bat hiesa da (Hartutako Immuno-Eskasiaren Sindromea) eta immunitate sistemaren suntsidura progresiboa probokatzen du.
Odol tanta bat
Odol tanta batekin aski da proba egiteko. Horretarako, ziztada txiki bat egiten dute farmazialariek eta ateratako odol tanta zinta erreaktibo batean ipini. 15 minutura jakiten da emaitza. Positiboa izanez gero, botikaria Osakidetzako erreferentziazko zentroarekin jartzen da harremanetan, pazientea artatu eta emaitza konfirmatu dezaten. GIB birusaren test azkarraren fidagarritasuna erabatekoa da (%100), arrisku-praktikak izan zirenetik hiru hilabete igaro badira.
35 urte inguruko gizonezkoa
2009tik, programara atxikitako 36 farmaziek 14.140 test egin dituzte, eta horietatik 131k eman dute positibo.
Proba egitera joandako pertsonen batez besteko adina 35 urtekoa da, eta %73 gizonezkoak izan dira; erabiltzaile atzerritarrak %8 izan dira; eta sexu berekoekin harremanak mantendu dituzten gizonezkoak, %19. Proba egitera joateko arrazoiei dagokienean, kasuen %53 izan dira bagina bidezko penetrazioa babes-neurririk gabe egiteagatik; %15, sexu orala praktikatzeagatik; eta %11, uzki bidezko sexua babes neurririk gabe praktikatzeagatik.