Ongizatea bilatzen duen ekonomiaz hausnartu zuten Kulturaten

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko mai. 6a, 13:03

Harreman Denda Bidezko Merkataritza elkarteak antolatu zuen hitzaldiak eman zuen horretarako aukera. Finantza analista independeantea den Paco Alvarez izan zen hizlaria, Ondasun Komunaren Ekonomian aditua ere bada Alvarez eta korronte horretako izen ezagunenetakoa ere bai. Besteak beste, hauxe nabarmendu zuen: gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko sortzen dela enpresa bat, ez dirua irabazteko bakarrik.

Finantzen analista independentea da Paco Alvarez, Ondasun Komunaren Ekonomian aditua eta korronte horretako izen ezagunenetakoa. Hain justu ere, gai horren gainean jardun zuen atzo, astelehena, Arrasateko Kulturaten.

Harreman Denda Bidezko Merkataritza elkarteak gonbidatuta etorri zen Arrasatera eta jende ugariren arreta piztu zuen hitzaldiak, izan ere, Kulturateko areto nagusia jendez bete zen.

Gaur egungo ekonomia eredua aztertu zuen Alvarez hizlariak. Esan zuen diruan oinarritutako eredua dela gaur egungoa eta hori ageri-agerian geratu dela beste behin ere azkeneko krisiarekin. Eta dirua ulertuta ez erreminta moduan, baizik eta helburu moduan. Herrialde bateko aberastasuna Barne Produktu Gordinaren arabera neurtzen dela azaldu zuen baina galdera hau bota zuen ondoren:  Ze adierazten du Barne Produktu Gordinak? Hauxe adierazi zuen Alvarezek: " Barne Produktu Gordinak ez du esaten herrialde bat diktadura den edo ez, bazterketa sexuala dagoen edo ez. Neurtzen duen gauza bakarra da diru gehiago ala gutxiago dagoen".

Gaineratu zuen enpresa batek lortutako irabaziak aztertzerakoan, ez dela kontuan hartzen enpresa horrek adin txikikoak esplotatzen dituen ala ez. Edo lanpostu bererako soldatak ez direla berdinak gizonezkoendako edo emakumezkoendako…

Alvarezek adierazi zuen baita ere Ondasun Komunaren Ekonomiak ez diola bizkarrik ematen dirua irabazteari, baina ongizatea sortzen duten beste balio batzuk ere aintzat hartzen dituela.

Hortaz, enpresak antolatzeko modua aldatu beharra dagoela azaldu zuen hitzaldian. Adierazi zuen enpresa bat ez dela langilez osatutako gunea soilik, hori baino gehiago dela, ingurune baten kokatuta dagoen erakunde bat dela, esaterako.

Adierazi zuen baita ere, Ondasun Komunaren Ekonomiak proposatzen dituela erreminta batzuk enpresarendako, ebaluatu ahal izateko enpresa horiek ongizatea sortzen duten. Alvarezek azaldu zuen enpresa bat ez dela dirua irabazteko sortzen. Dirua irabazi behar duela, jakina, baina helburua beste bat dela: gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko sortzen dela enpresa.

Ideia horiek azpimarratu zituen, besteak beste, Alvarezek hitzaldian eta bertaratutakoek aukera izan zuten saioaren amaieran euren kezkak argitzeko.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak