Antzerkigintza, neska-mutikoen garapenean laguntzen duen tresna

Txomin Madina Milikua 2014ko mar. 31a, 08:44

Datorren astean hasiko dira Arrasateko XXIV. Eskola-Antzerkiaren Jardunaldiak.

Apirilaren 8an abiatuko dira Arrasateko XXIV. Eskola-Antzerkiaren Jardunaldiak. Udaleko Hezkuntza sailak Kultura sailarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatzen ditu, eta berauetan, hainbat ikuspuntutatik lantzen dute antzerkigintza: ikasleek antzerkia egiten dute, antzezlanak ikusten dituzte eta antzokia barrutik ezagutzen dute. Izan ere, jardunaldi hauetan parte hartzen duten eragile ezberdinen iritziz, antzerkiak hainbat onura dakartza hezkuntza ikuspegi batetik.

Antzerkia, zertarako?

Arrasateko Udaleko Hezkuntza teknikaria den Juanito Barberanen esanetan, antzerkia, besteak beste adierazpena eta komunikazioa lantzeko tresna pedagogiko aproposa da; baita gorputz adierazpena eta irudimena landu eta beste baten paperean sartuz, enpatia garatzekoa ere.  

Arizmendi Ikastolako Gaztelupe gunean antzerkigintzako irakasleak diren Beatriz Garaik eta Mariasun Garaik ere uste dute entzerkia lantzea onuragarria dela ikasleentzat: "Besteak beste jendaurrera azaltzen ikasten dute eta ahozkotasunean trebatzen dira".

"Gure kasuan, hizkuntza lantzeko, hau da, euskararen erabilera sendotzeko balio du ikastetxean antzerkia lantzeak, baita ikasleen izaera garatzeko ere" dio, bere aldetik, azken hiru urteetan Arrasate Institutuko irakaslea eta antzerki taldearen arduraduna den Iratxe Larrinagak. Bere esanetan, gainera, dekoratuak egiten ere laguntzen dute ikasleek, eta diziplina lantzeko ere balio du antzerkigintzak.

Ikasleen interesekoa

Bai Arizmendiko Gaztelupe gunean, baita Arrasate Institutuan ere, antzerkia hautazko ikasgaia da DBH 1. eta 2. mailan. Baina ikasleen interesekoa da? "Normalean bi ikasle motak aukeratzen du arloa: antzerkigintza oso gustuko dutenek eta boligrafoa ukitu nahi ez dutenek. Bai batzuentzako eta bai besteentzako oso arlo interesgarria eta aberasgarria da", diote Gaztelupetik.

Iratxe Larrinagaren iritziz: ikasleak oso gustura egoten dira antzerkia lantzen: "Beste gauza batzuk akaso ez, baina antzezlanen gidoiak primeran ikasten dituzte. Denak egoten dira motibatuta eta parte hartzeko prest".

Antzerkia egin... eta ikusi

Eskola-Antzerkiaren Jardunaldietan, urtero bezala, talde profesionalen antzezlanak ikusteko aukera ere izango da aurten. Hiru antzezlan erakutsiko dituzte denera Arrasaten, eta horietako bat, Markeliñeren Txitxarra eta Iñurria izango da.

Antzerki talde horretako Jon Kepa Zumaldek, aurretik jasotako iritzien ildo beretik jotzen du: "Hezkuntza ikuspegi batetik, ezinbestekoa da antzerkigintza eta gainerako adierazpen artistikoak lantzea. Umeak txikiak direnean egiten da hori, baina gero eta handiagoak izan, gero eta gutxiago lantzen da".

Zumaldek dioenez, euren lanekin, ikusleak dibertitzeaz gain, saiatzen dira  mezuak helarazten eta ikusleei buruan gogoetak sorrarazten. "Denok ezagutzen dugu txitxarraren eta inurriaren alegia. Gure bertsioan, esaterako, abestea, artea, lana ere badela aldarrikatzen dugu, eta txitxarraren bidez azaltzen dugu badela bizitza bizitzeko beste modu bat: lasaiagoa, elikadurari garrantzia emanaz...". Antzezlana ikusi aurretik eta ostean lanketa egiteko, gainera, ikastetxeei dossier pedagogikoa ere helarazten diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak