Gaur, martitzena, ikasleek egindako lau antzezlan taularatuko dira. Arrasate Institutuko DBHko lehen mailako ikasleek Amona honekin kontuz! lana aurkeztuko dute, eta bigarren mailakoek, aldiz, Musu baten bila izenekoa. Arizmendi Ikastolakoak ere Amaiko oholtza gainera igoko dira. Gaztelupe guneko ikasleek, Gaixo deitzen den antzezlana eramango dute, eta Almenekoek aldiz Bederatzi ez da bederatzi. Talde bakoitzak bina saio egingo ditu, goizean bat eta arratsaldean beste bat, eta lehen hezkuntzako ikasleen aurrean taularatuko dituzte.
Antzerki profesionala
Behin ikasleek prestatutako lanak taularatuta, konpainia profesionalen txanda izango da. Apirilaren 10ean eta 30ean, eta maiatzaren 9an, ikasleentzako antzerki talde profesionalen emanaldiak izango dira Amaia antzokian. Lehen egunean, Markeliñe taldearen Txitxarra eta inurria lana taularatuko dute emanaldi bikoitzean; hilaren 30ean, Paraiso teatroaren Erpurutxo; eta maiatzaren 9an, berriz, Picor teatroa konpainiaren Jauzi hirukoitza.
Antzerkia modu didaktikoan lantzeko asmoz, Amaia antzokiko instalazioak ezagutzeko aukera ere izango dute Arrasateko ikastetxeetako ikasleek. Andoni Zubiaga antzokiko arduradunaren eskutik, ikasleek antzokiko txoko guztiak bisitatuko dituzte. Bisita gidatu hauek datorren maiatzaren 27an eta 28an egingo dituzte.
1.987 ikasle
LHko eta DBHko 1.987 ikasle izango dira eskola antzerkiaren jardunaldietan.
Jardunaldi hauetarako 11.831 euro bideratu ditu Arrasateko Udalak.