"Mendeku-gosea" ikusten dute Josu Uribetxeberriaren senide eta lagunek

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 5a, 19:46

Auzitegi Nazionalaren erabakia bertan behera uzteko eskatu dute Uribetxeberriaren lagun eta senideek eguerdian Arrasateko plazan egin duten prentsaurrekoan.

Auzitegi Nazionalak Josu Uribetxeberriarendako eman duen agindua "mendeku-gosea" dela uste dute bere senide eta lagunek. Uste dute Uribetxeberriak etxean bete beharreko espetxeratzea agindu izanak "helburu politiko eta mediatikoei erantzuten" diola, "mendekuaren arrazoiari". Gainera, erabaki hori "ez dago zuzenbidean egoki oinarrituta, bere egoera medikua ez delako onera aldatu, txarrera baizik" senide eta lagunen esanetan eta ondorioz, "Josuren kontra hartutako erabakia bertan behera geratzea" eskatu dute.
Arrasateko herriko plazan zapatu eguerdian egindako prentsaurreko jendetsuan egin dituzte adierazpen horiek Uribetxeberriaren lagun eta senideek.

Bailarakoak

Arrasatekoak ez ezik, bailarako beste herri batzuetako lagunak ere bildu dira zapatuko prentsa agerraldi horretan, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Josu askatu lelopean.

Joseba Garitaonaindiak hitz egin du denen izenean, Josuren anaia Jabi Uribetxeberria, Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohia, egungo alkate Iñaxio Azkarragaurizar eta Amaia Larrañaga alkateordea ondoan zituela.

Uribetxeberriaren egungo osasun egoera aipatuz hasi dute prentsaurrekoa: "Oso momentu eskasean aurkitzen da; beraz, bere askatasuna ahalbidetu zuen koadro medikua larriagotu egin da". Auzitegi Nazionalak hartutako erabaki horrekin arrasatearraren "bizitzaren azken egunerarte erasotu eta jazartuko dutela" ikusten dute haren lagun eta senideek. Adierazi dute, abokatuaren esanetan epaiketa egin eta zigorra ezarrita ere horrek ez lukeela eraginik izango bete beharreko urteen barruan, 30 urteko gehienezko zigorra jarrita duelako lehendik ere. Auzia preskribatuta dagoela ere adierazi dute. Horrela, giza eskubideen kontrako erabakia dela uste dute, eta bertan behera uzteko eskatu. Bukatzeko, giza eskubideen alde egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko egin diete dei herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak