Langabe, ikasle eta gurasoendako, badator Lanbide Heziketa azoka

Leire Kortabarria 2014ko mar. 25a, 16:00

Eskaintza akademikoaren berri emateko, ikasleen lanak eta proiektuak ere erakusten dituzte zentroek.
Lanbide Heziketako zikloetarako matrikulatzeko epea hurbiltzen doan neurrian, zentroextara bisitak, deiak eta galderak ere ugarituz doaz: ze ikasketa emango dituzte aurten? Non ikasi ahal izango dut niri gustatzen zaidana? Orain arte daukadan ikasketa mailarekin, ze gradu egin ditzaket? Ikasketa hauek edo beste horiek ze enplegagarritasun dute?

Bada, aste hauetan egin beharreko joan-etorriak eta kontsultak arintzeko eta informazio guztia egun berean lortu ahal izateko aukera dago datorren eguazten eta eguenean, egun horietan egingo da-eta aurtengo Goiaz! Lanbide Heziketa azoka. Urtero bezala, Debagoieneko Lanbide Heziketa zentro guztiak bertan izango dira, Kulturaten –Oñati Gestio Eskola-Mondragon Unibertsitatea; Zuazola-Larraña Institutua; Mariaren Lagundia ikastola; Miguel Altuna institutua; Arizmendi ikastola; Goi Eskola Politeknikoa (MU); Aretxabaleta Lanbide Eskola; Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroa (EPA); eta Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programa. Baita beste bi formazio zentro –Bastida akademia eta Ikasi prestakuntza zentroa– eta informazioa eta orientazioa emateko gertu dauden beste erakunde batzuk ere –Bizikasi, Alecop, Lanbide, Eures (Europako Enplegu Zerbitzuen Sarea–, Kutxa Zeharo; Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletako Udalen Sustapen eta Enplegu zerbitzuak; eta ekintzaileendako zerbitzuak –Garapen Agentzia eta Saiolan.

Bideo-CVak euskaraz

Aurten, nobedade batzuk izango ditu azokak.

Publiko orokorrari begira, aurten bideo-curriculumek espazio berezia izango dute. Batetik, lehenengo egunean, eguaztenean, Aurkeztu zure burua modu orijinal batean. Bideo curriculuma egiten ikasteko tailerra emango dute (11:30); eta, borobiltzeko, 19:00etan, Garapen Agentziak antolatu duen I. NiNeu Bideo-CV Lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Horrez gain, azokak dirauen artean, finalista izan diren bideoak emango dituzte.

Pozik daude antolatzaileak, Mankomunitateko Garapen Agentziako ordezkariak, bideo-curriculum lehiaketaren erantzunarekin: 18 lan jaso dituzte  eta barietatea egon da: 11 ikasle, sei langabe eta langile bat aurkeztu dira, tartean etorkin batzuk ere, eta batek euskaraz egin du bideo-CVa.

Beste berritasun bat guraso eta orientatzaileei zuzendutako ekintza bat da: hitzaldi bat, eguenean, hilak 27. Azoka bukaeran izango da, 18:30ean, eta bertan, seme-alabei etorkizunaren gaineko erabakiak hartzen laguntzeko moduaz hitz egingo du Itziar Perezek (adimen emozionalean aditua eta motibazio eta coaching dinamizatzailea MUren Goi Eskola Politeknikoan). Bere esanetan, "helburua da beharrezkoak diren jokabide batzuen gaineko gogoeta irekitzea: sakon entzutea, asertibitatea, seme-alabak larregi ez babestea, beste ikuspuntu batzuetara zabaltzea… eta horiek seme-alabongan euren sinismen eta ametsetatik abiatuta gogoeta egitera bultzatuko dituzte, zer nahi duten eta bizitza eta garapen profesionala nola bideratu nahi duten pentsa dezaten". 

Bestela, azken urteotako egitura bera izango du Goiaz! azokak: galerian, ikastetxe arautuak izango dira, eta patioan, enplegu zerbitzuak, beste formazio zentroak, orientatzaileak, Garapen Agentzia… Zentro bakoitzak askotariko materiala eroan ahal izango du: bideoak, ikasleek egindako proiektuak, tresnak…

Aurten, beste urteotan ez bezala, ikasleendako ohiko tailerrak, Garaionen eskutik, ikastetxeetan egin dituzte, azoka aurretik. Ekintza horretan sei zentrotako 300 ikaslek parte hartu dute.

Ikasleen adina, gora 

Aurten izena ipini diote egun bati, eguaztenekoari: Langabeen Eguna da. Izendapen sinbolikoa da, izan ere, azoka guztia dago interesatu guztiei eskainia eta baita langabeei ere; baina helburuetako bat, urterik urte, bereziki langabeak erakartzea da: "Gura izan dugu langabeak ere identifikatuta senti daitezela azokarekin, gogora dezatela Goiaz! azoka ez dela bakarrik ikasleendako, eurendako ere badela", azaltzen du Garapen Agentziako Amaia Irizarrek. Gaineratzen duenez, urteroko erronka da ahalik eta langabe gehien erakartzea. 

Langabeak erakartzeko nahiarekin lotuta, beste berritasun bat eurendako bakarrik da: Garapen Agentziaren lanerako orientazio zerbitzua erabili duten langabeei bisita gidatua emango diete orientatzaileek, ikasleei irakasleek ematen dieten moduan.

Izan ere, lanik gabe geratu direnak edo denbora luzean lanposturik aurkitu ez dutenak dira, gero eta gehiago, Lanbide Heziketako zentroetako ikasgelak eta praktika-lekuak betetzen dituztenak. Horren adierazgarri garbia da azken urteotan handitu egin dela Lanbide Heziketako ikasleen batez besteko adina.

Garapen Agentziak 2010/11 promozioko ikasleen artean galdeketa egin zuen, eta ikasleen %60 lanean hasiak ziren, eta %22k lanean jarraitu zuten; kasu askotan, beste gradu bat egiten, bai bukatutako ikasketen familia bereko beste bat, osagarria, bai familia desberdin bateko gradu bat.

Zalantzak argitu nahian 

Lanbide Heziketa azokara joaten direnen helburuak askotarikoak izaten dira, bisitariak eurak bezala, Amaia Irizarrek dioen moduan: "Jende asko zalantzak argitzera etortzen da: ikasketa jakin batzuk egin nahi dituela eta ez dakiela non egin; edo ikasketa maila jakin bat duela eta ez dakiela non jarraitu ikasten…"

Informazio orokorra nahi izaten dutenak ere izaten dira. Kasu horietan, honakoa gomendatzen du Irizarrek: "Zalantzak dituztenendako, aurten, orientazio zerbitzua daukagu: lan-orientatzaileak eta hezkuntza-orientatzailea egongo dira, eta azken horri zalantza orokorrak galdetzeko aukera dago". Eguenean bi orduan (17:00etatik 19:00etara) egongo dira orientatzaile horiek jendearen galderei erantzuteko gertu.

Bisitari gehienak ikasleak izaten dira. DBHko ikasleak taldeka joaten dira, Lanbide Heziketa ezagutzera. "Gero, Batxilergotik datozen ikasle askok badakite Lanbide Heziketa egin nahi dutela, eta eskaintza zehatza ezagutzera datoz. Gero, ikastetxearen arabera, hitzaldiren bat aukeratzen dute".

Sare sozialak, lana bilatzeko 

Aurten ere, zenbait hitzaldi izango dira azokak dirauen bitartean. Gai batzuk beste edizio batzuetan ere landu izan dituzte, baina, interesgarriak edo gaur egungo gaiak direlako edo beste urte batzuetan jendeak ondo baloratu izan dituelako, berriz lantzea erabaki du Goiaz! foroak, gaiak aukeratzen dituenak.

Aurten, adibidez, Interneten norberaren erreputazioa zaintzeko gomendioak emango ditu Ane Bilbao MUko irakasleak (eguena, 09:00) eta iaz arrakasta handia izan zuen beste gai bat landuko du Miguel Fernandez Arrietak: sare sozialak lana bilatzeko tresna gisa (eguena, 17:00).

Lanbide Heziketa Integratuko Sistema aurkeztuko du Lanbideko teknikari Gloria Gonzalez Marcok (eguaztena, 17:30).

Miguel Altunako arduradun eta ikasle banak eta enpresa batek Ikas-ekinezko Lanbide Heziketa Duala izeneko programaren berri emango dute (eguena, 10:30). Orain arte Hezibi deitu izan da, eta aurten, programa hori egiten duen 3. promozioa izango da.

Eguaztenean, 11:30ean, hiru ekintzailek euren esperientzia azalduko dute. Bestalde, eguenean, 12:00etan, beken eta praktiken gaineko azalpenak emango dituzte bi lagunek.

Industria arloaren arrakasta

Debagoienean, 1.259 ikasle daude Lanbide Heziketan matrikulatuta, 914 gizon (%72,6) eta 345 emakume (%27,4). Joan den ikasturtean baino %6 ikasle gehiago dira 1.259 horiek.

Urtetik urtera, ikasketa berberak eskaintzen saiatzen dira ikastetxeak. Eskaintza zabala dago bailaran: 12 familiako zikloak eskaintzen dira, 20 goi mailako ziklo eta 13 erdi mailako ziklo. "Eskaintza hori eskualdeko enpresa-ehunari nahiko lotuta dago", dio Garapen Agentziak.

Ikasketa batzuk egokitu egin dira. Mekatronika Industriala da bailaran ikasle gehien dituena (150 bat) eta mekanika eta elektronika edukiak ditu. Industria ikasgaiek dute matrikulazio gehien, baina beste familia batzuek ere arrakasta dute, hala nola osasun, kirol eta administrazio ikasketek.

Bestalde, gero eta gradu gehiago daude langileen beharretara moldatuta: eskaintza partziala dago horietan, hau da, arratsaldez ikastera joateko eta titulua epe luzeagoan ateratzeko aukera.

--------- 

Goiaz! lanbide heziketa azoka

Noiz: eguaztenean, hilak 26, eta eguenean, 27; ordutegia: 19:30-13:30 eta 16:00-19:00.

Non: Arrasaten, Kulturaten.

Zer: Lanbide Heziketa zentroen eskaintza, hitzaldiak, tailerrak…

Zeinendako: langabe, ikasle, guraso eta interesa duten guztiendako.

----------

Ikas-Ekinezko Lanbide Heziketa Duala: abantailak ikaslearendako eta enpresarendako

Goizperreko giza baliabide arduradunak, Goizperren HEZIBI programan parte hartu duen Andoni Santamarina ikasleak eta Miguel Altuna Institutuko Joxu Aranak sistema berri hori azalduko dute, hitzaldian.

Honela azaltzen du Joxu Aranak zertan datzan Heziketa Duala: "Programa honen helburua ikasleei Lanbide Heziketako titulua eta lanpostu kualifikatu bat eskuratzen laguntzea da, Lanbide Heziketa Institutuek eta enpresek batera garatzen duten ikaskuntza prozesuen bitartez. Baita ere enpresek kualifikazio maila altuko  langileak lortzea, lanpostuaren egokitzapen epea murriztuz.

"Programa horretan 16 eta 30 urte arteko gazteek hartu dezakete parte, gauzatzen den lan kontratuak baldintza hori du eta.
Kontratua urtebeterako ezarri ahal izango da.

"Enpresei aukera ematen zaie lanposturako egokia den pertsona trebatzeko; betiere, kasuan kasuko Ikastegiaren laguntzarekin. Gainera, enpresek Ikas-ekinezko heziketaren euskarri den lan-kontratuaren hobariak lortu ditzakete (hau da, enpresa-kuotak %100 murriztea), bai eta laguntzen duten enpresentzat Lanbidek eskaintzen duen diru-laguntza eskatu ere.

"Programa honetan parte hartzen duten ikasleak aldi berean arituko dira, beraz, Lanbide Heziketako Institutu batean –heziketa-ziklo batean matrikulatuta egongo baitira– eta enpresa batean, prestakuntza eta ikaskuntzarako lan-kontratu batean oinarritutako lan-harremanaren arabera. Programako ikasleek eskubide guztiak izango dituzte lan eta gizarte babeseko arloei dagokienez.

"Aurreko bi kurtsoetan zehar 15 ikasle izan ditu Miguel Altuna Institutuak programa horretan, 11 enpresatan. Esperientzia oso positiboa izan da eta horregatik aurtengo ekainean hasiko diren proiektuak prestatzen ari gara momentu honetan.
Apirilaren 30erako aurkeztu behar ditugu proiektu berri hauek".

-----------

"Mutilena" edo "neskena"

Garapen Agentziaren esanetan, oraindik sexuak markatu egiten du zer ikasketa aukeratzen diren. Hala, ziklo industrialetan ia ez dago emakumezkorik ikasten, eta batzuetan, ia barik: oraingo ikasturtean, Mekatronika Industriala 149 ikaslek egin dute, eta denak gizonezkoak ziren; bestalde, osasun eta gizarte zerbitzuen arloan, emakumezkoak dira gehienak: mendeko pertsonen arretan, 25 emakume eta zortzi gizonezko izan dira ikasle.

----------

'Zer egin dezaket?'

Enpresek aurrerantzean langileengandik eskatuko dutenaz mahai ingurua izango da. Hizlarietako bat izango da Elayko Marian Baleztena, eta honela laburtzen du enpresek behar izango dutena: bidaiatzeko prest egotea eta atzerriko hizkuntzaren bat jakitea; iniziatiba eta hobetzeko zaletasuna; pertsonak kudeatzen jakitea, taldean lan eginda. "Eta dena borobiltzeko, malgutasuna. Ez galdetu Zer egin behar dut?; Zer egin dezaket? da galdera".

 

Erlazionatuak

Goiaz! azokak ireki ditu ateak

Oihana Elorza Gorostiza 2014 mar 26 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak