Lanbide Heziketari buruzko Debagoieneko informazio osoa dago eskura gaur eta bihar Arrasateko Kulturaten. Urtero moduan, bailarako Lanbide Heziketa zentro guztiak daude bertan, eta baita informazioa eta orientazioa emateko gertu dauden beste erakunde batzuk ere. Informazioa emateko, triptikoak, paperak, iragarkiak, bideoak eta ikastetxeetan erabiltzen dituzten makina edo tramankulu ezberdinak ere ekarri dituzte, ahalik eta ondoen erakusteko eskaintza bakoitza.
Eta informazioaren bila joan direnak, berriz, ikasleak eta langabeak izan dira goizean, batez ere. Langabeendako bisita gidatuak egin dituzte, gainera, aurten lehenengo aldiz, eta ikasleak taldeka etorri dira.
Erakusmahaietako informazioaz gain, baina, hitzaldiak, mahai-inguruak eta bideo emanaldiak ere antolatu dituzte. Gaur goizean, adibidez, euren esperientziaz jardun dute hiru lagunek Kulturateko areto nagusian eta, eguerdian, bideo-curriculuma egiteko tailerra egin dute Jokin Zaitegi gelan.
Bihar ere, goiz eta arratsalde
Bihar arte dago zabalik azoka. Bihar arratsaldean, gainera, orientatzaileak egongo dira, zalantzak argitzen laguntzeko. Iluntzean, berriz, orientatzaileei eta gurasoei eskainitako hitzaldia egongo da, seme-alabei euren etorkizuna erabakitzen nola lagundu azaltzeko.