Aurreko urtean huts egin ostean Mundumira berreskuratu egingo dute, eta herrian egingo diren ikuskizunetan euskal ekoizpenek izango duten garrantziaz gain, aurten zenbait urteurren beteko direnez, hauek ere toki zabala izango dute kultura programan.
Horrez gain, antzerkiak garrantzia izango du. Martxo amaieran Asier Etxeandia Bilboko aktoreak El interprete antzerkia erakutsiko du. Lehen seihilekoan ere, antzerkia eta kontzertuaren artean, OrekaTX, Kalakan eta Kukai dantza taldeak sortutako Herritmo ikuskizuna ere etorriko da Amaiara. Beti moduan, zineak, komertzialak eta gertukoak, ere bere lekua izango du.
'Home ticket' berria
Orain arte moduan, herriko webguneak Amaia antzokiko sarrerak erosteko gunea izango du. Aurrerantzean baina, sarrerak etxean bertan eskuratu ahal izango dira. Home ticket sistema berriari esker, erosleak ez du kutxazainera joan beharrik izango. Berak nahi badu, sistemak PDF bat bidaliko dio emailera, eta hau inprimatu edo poltsikoko telefonoan eroanda nahikoa izango da.
Saiolan eraikina
Bizitza edo mugimendu kultural bizi baten oinarrian kultura taldeen arteko harreman estua dago beti eta horri bultzada emateko sortu zen Erlojuaren eraikina biziberritzeko proiektua. "Argi geneukan ez genuela nahi entsegu lokal sinple baten izaera edukitzea, baizik eta etorkizunerako gune kultural eta musikala sortu gura genuela bertan", argitu du Kepa Urteaga zinegotziak.
Erlojuaren eraikinak duen abantaila nagusienetako bat da espazio handia duela talde ezberdinak batera lan egin ahal dezaten. Eraikin berrian dauden kultura taldeen artean sinergia berriak sortuko direla espero du Urteaga zinegotziak: "Ekoizpen berriak elkarrekin egitera animatuko direla espero dugu".
Horren harira, aurten ere, iazko bideari jarraituz, inbertsio handia egingo da eraikina taldeen beharretara egokitzeko.
Ondarearen babesa
Urtero moduan, Aranzadirekin batera, historiaurrean sakontzen jarraituko dugu, Lezetxikiko indusketetan.
Horrez gain, aurten, Murugainen egingo dira indusketak Aramaio eta Aretxabaletarekin elkarlanean. Indusketa horiek Ondare Babesa enpresak egingo ditu, eta orain arte Aramaion egindakoen jarraipena izango dira.