Arrasateko Hondakinen Mahaiaren akordioa, beste esparru batzuetarako adibide

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abe. 12a, 14:30
Hondakinen Mahaiak joan den astean eman zuen ezagutzera 2014ko bigarren seihilekoan Arrasaten ezarriko den hondakinak biltzeko sistema. Kontrolpeko edukiontzi sistema izango da, hau da, egungo edukiontzi berdea –beirarena ez, bestea– kendu eta marroia eta grisa jarriko dituzte, organikorako eta errefuserako, hurrenez hurren.

Mahaian parte hartu duten alderdi eta eragile guztiek %70 gaika biltzeko helburua zehaztu dute, bederatzi hilabetetan. Helburua lortu ezkero sistema hori erabiliko da aurrerantzean; ez bada %70eko tasa lortzen, atez atekoa jarriko dute. Horiek dira Hondakinen Mahaiaren orain arteko akordio nagusiak. Izan ere, mahaiaren egitekoa ez da amaitu; hala ziurtatu digu alkateak asteon: "Hondakinen Mahaia lantalde bat da. Batek baino gehiagok pentsatuko du dokumentu bat dagoela eta hor amaitzen dela. Hori baino gehiago da. Horren adierazle da asmoa dugula aurrerantzean biltzeko, jarraipen batzorde bat sortzeko. Gaia oso serio hartu dugu eta denok gaude inplikatuta".

Herritarrari orain arte ez moduan bereizteko aukera

Irailaren 4an egin zuten lehen bilera, Udalak hondakinen auzian "jarrera aldaketa" bat "beharrezkoa" zela uste zuelako: "Ibilbide bat markatu genuen eta urratsak emateko ezinbestekoa zen herritarren inplikazioa". Sistema berriarekin herritarrak bereizteko aukera izango duela dio alkateak: "Edukiontzi berdea kenduko da, cajon desastre den hori, denetarik botatzen da-eta. Gaizki egiteko aukera hori kenduko dugu. Bi edukiontzi berriek sarrera kontrola izango dute; kontrola nola egingo den mahaian zehaztuko dugu". Era berean, edukiontzi guztiak modu bateratuan jarri gura dituzte, orain "oso sakabanatuta" daudelako.
Emaitzak baloratzeko irizpideak ere mahaian zehaztuko dira eta asmoa da hasieran neurketa bat egin eta hiru hilabetean behin beste neurketa bat egitea.

Lan metodologia eredu

Hondakinen Mahaiaren lan egiteko modua beste esparru batzuetara zabaltzeko asmoa erakutsi du Azkarragaurizarrek: "Hainbat gai orokor daude denok ados gaudenak, teorian. Mugikortasuna, aurrekontuak edo bizikidetza dira horietako batzuk".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak