Zundaketa egingo dute Kurtzetxikin urik samur atera daitekeen ikusteko

Jon Berezibar 2013ko urr. 15a, 18:47
Aurrera doaz Kurtzetxiki berreskuratzeko planak

Ura erraz ateratzeko modurik  badagoen jakiteko zundaketa egin gura dute Arrasateko Kurtzetxikin. Aurtengo udan behi eta behorrak egon dira Kurtzetxikin bazkatzen;  70 buru. Hortik dator lehenbailehen ura eskuratzeko premia. Hain zuzen, Arrasateko Udalak Kurtzetxikiko eremu osoa berreskuratu eta sustatzeko plangintza dauka eta lehen sektoreari lekua eskaintzea da asmo nagusietako bat.

Zundaketa atzo esleitu zion Udalak 7.000 eurotan Pozos y Sondeos del Cantábrico S.L. enpresari. Horren inguruko azalpenak eman dituzte gaur udaletxean.

Ura, gainera, egon badagoela badakite ze bi ur-bilatzailerekin ibili dira lanean eta hainbat puntu markatu dituzte. Zulo bertikal bat egingo dute gailur alboan eta hortik ikusi ur mailaren sakonera eta uraren beraren kalitatea; lehen aukera bezala.

• Rafa Ugarte, Ingurumen teknikaria

Abeltzaintza eta aisialdia

Oraingo udan behi eta behorrak egon dira Kurtzetxikin bazkatzen;  70 buru. Hortik dator lehen bailehen ura eskuratzeko premia.  Abeltzainek erabili ahal izateko 10 hektarea egokitzen dihardute Kurtzetxiki inguruan. Arrasatearrentzako berreskuratu gura dute ingurua eta balorean jarri. Iaz aurkeztu zuten Kurtzetxiki berreskuratzeko plana. Lehen sektorea bultzatzea da, lehenik eta behin, ardatz nagusia. Datozen asteetan eroango dituzte Arrasateko bi artzainek ardiak Kurtzetxikira. Maiatzera arte ibiliko dira ardiak belardietan eta ostean, atzera ere, ganadua sartuko da.

Baso eder bat arrasatearrentzako

Kurtzetxikiko artadia da balioan ipini gura duten beste eremu garrantzitsuetako bat. Bi artadi daude, heldu bat eta gaztea. Abeltzaintzarako bai, eta baita herritarrendako ere, baso eder bat ipini gura dute eskuragarri planaren barruan. Hazi dadin zaindu gura duten baso zatia hesitu egingo dute, horrela.

Baso-abeltzantza deritzon ustiaketa mota da planteatzen dena, antzina ere egiten zena eta larreko bazka basokoarekin uztartzen duena. Basoa zainduko dute horrela eta emaitza moduan herritarrentzako eremu polit bat ere lortuko da urte batzuen epean.


Honekin, hirugarren ardatz bat ere badauka proiektuak eta da aisialdirako gune moduan balioan jartzea. Herriko erdigunetik tontorrena 7 kilometroko ibildea proposatzen da. Gunea bera, gainera,  landaretzarekin  eta elur-zuloekin, adibidez, balio handiko espazio moduan ikusten du Udalak.  Ikasle eta erretiratuekin, adibidez, txangotxoak antolatuko dituzte aurrerago, inguruaren balioa erakusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak