Zakarrontzi selektiboak bihartik Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 4a, 14:40

Birziklatzearen aldeko apustuan, Arrasateko Udala pauso berri bat ematera doa: zaborrontzi selektiboak jarriko ditu herriko zenbait gunetan. Bihar –uztailak 5– ipiniko dituzte, baina proba moduan; izan ere, neurri berri hau indarrean sartu aurretik, zaborrontzi mota ezberdinak probatuko dira, gero zein jarri erabakitzeko. Horretarako hainbat zaborrontzi selektibo erosi dira eta, esan moduan, bihar ezarriko ditu Udal lantaldeak herriko zenbait gunetan. 

Zaborrontzi mota bakoitza proba moduan jarriko da, herrian jende mugimendu handiena izaten den guneetan: Gorostiza, Kurtzetxiki, Biteri eta Zaldibarren. Aurrerago, Legarra plazan eta Galizia kalean ere jarriko dira.  Zakarrontzi hauek jartzen diren guneetan, hiri hondakinetako lau frakzioak modu selektiboan botatzeko aukera izango du jendeak: organikoa, papera, ontzi arinak eta errefusa. 

Uztailaren 5ean hasi eta pare bat hilabetez egongo dira zakarrontziak proban eta ostean erabakiko da, lehendabizi Zerbitzuetan eta gerora Tokiko Gobernu Batzarrean, zein modelo den egokiena gerora ezartzeko. Zakarrontzien erresistentzia (euria, kolpeak...) eta hondakinak bertotik ateratzeko erraztasuna dira balorazioa egiterakoan kontuan hartuko diren irizpideetako bi. 

Hiru zakarrontzi mota

Gaiaren azterketa sakona egin ostean, eta eskaintza ezberdinak aztertu ostean, hiru zakarrontzi mota aukeratu dira proba egiteko: Arrizabal enpresaren Atrium eta Maia modeloak (4.462,48 euro), eta Gallaz Joma, SL enpresaren Joma Su. Zakarrontzi Selektiboa (3.093,73 euro). 

1000 zaborrontzi berrerabiliko dira

Aukeratzen den zakarrontzi mota Arrasateko lekurik esanguratsuenetan ezarriko da. Gainontzeko guneetan, berriz, egun dauden zakarrontziak jarriko dira, launaka, lau frakzioak jasotzeko. Horretarako, egun dauden 1.000 zakarrontziak berrerabiliko dituzte, egungo beharretara moldatuz. Horrenbestez, egungo zakarrontziak berrerabiliz moldatutako lau frakzioko zaborrontziak Arrasateko 250 puntutan ipintzen joango da Udala, 2013 eta 2014an zehar: haur-parkeetan, autobus geltokietan, paseatzeko lekuen hasiera eta bukaeretan… jende mugimendu gehien izaten den guneetan, azken finean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak