Pello Garai: "Ez dakit jabetzen garen herriko eta inguruko basoek ematen digutenaz"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko mar. 12a, 01:00

Pello Garai (Arrasate, 1968), Arrasateko Udaleko Landa Inguruneko teknikaria da 2002. urtea ezkero. Asteotan gurean zuhaitzak landatzeko hainbat hitzordu daudela aitzakia hartuta, Garairekin izan gara, besteak beste, aholku bila.

Hauxe da landatzeko garairik aproposena?

Garai honetan egitearen arrazoia eguraldia eta eguna luzeagoa delako da. Baserritarrek, baina,  neguan egiten dituzte landaketak; nire ustez, berandu samar gabiltza. Aukeran, landareentzako urtarrilean egitea egokiago litzateke; zuhaitzak izaki biziak dira eta laster hasiko dira mugitzen landareen begiak. Lan horretarako jana behar dute, eta, orain landatuz gero, zuztarrak nahikoa zabalduta ez dituztenez, landareak dituen erreserbetatik jaten du. 

Zertarako egiten dira?

Ingurumen Sailetik sentsibilizazio kanpaina asko egiten dira, bereziki, eskoletan. Gela barruan landutakoa praktikan jartzeko modua da; basoen garrantziaz jabetzeko helburuarekin.

Herritarrok, orokorrean, jabetzen gara zuhaitzen beharraz?

Gaur egun eten handia sumatzen dut kale eta baserri giroaren artean. Ez dakit jabetzen garen  herriko eta inguruko basoek ematen digutenaz. Sarritan, basoak paisaiarekin bakarrik lotzen ditugula esango nuke.

Ze onura azpimarratuko zenuke?

Zuhaitzek CO2a xurgatzen dute,  airea garbitzen dute, beraz; higadura saihesteko ere balio dute. Lurrari eusten diote zuhaitzek; horren adibide, azkenaldian izan diren luiziak, hain justu ere, zuhaitzik ez dauden tokietan gertatu direla, gehienbat. Animalien babesleku ere badira; bioaniztasuna aipatzen dugunean, oso lotuta dago basoekin. Uraren zikloaren ardura zuzena ere basoena da; hau da, zuhaitzen hostoek atmosferarekin oreka lortzen dute, eta are gehiago esango nuke, zuhaitzek ura erakartzeko gaitasuna dute.

Zuhaitz bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bat bereziki aipatzekotan?

Nik oso gustuko dudana, eta uste dut guztiok ezagutu beharrekoa, haltza da. Erreka bazterretan ateratzen da eta bioniztasunean oso funtzio garrantzitsua du. Erreketako ura berotu egiten da, eta, ondorioz, oxigenoa galtzen du eta han bizi diren animaliak hil egiten dira. Haltzaren hostoen itzalarekin, berriz, ura ez da berotzen, eta, beraz, ez da uraren oxigenorik galtzen. Hori batetik, baina badu beste funtzio bat:  zuztarretan sinbiosian duen onddoen bitartez lurra aberasten du. Aipatzekoa da, era berean, udaberritik udazkenera hostoak  pixkanaka jausten zaizkiola; horiek animalientzat janaria izaten dira. Sasoi baten ikaragarrizko haltzadiak zeuden hemen. 

Edozein zuhaitz landa genezake edonon? Nola aukeratu ondo?

Landare bakoitzak bere beharrak ditu; orokorrean zer landatu asmatzeko, onena da inguruan zer dagoen begiratzea. Naturak berak esango dizu. Ehuneko ehunean asmatuko duzu horrela.

Lagun egiguzu zuhaitz bat egoki landatzen.

Hasteko, harri bako lur gozoa aurkitu behar dugu. Izaki bizidunak dira eta horrela tratatu behar ditugu zuhaitzak; beraz,  ahalik eta geihen samurtu behar diogu hazteko bidea. Mintegira joanda, landare freskoak aukeratu behar ditugu gero. Trukutxo bat emango dizuet: azala harrotu eta barrukoa berdea baldin badago bizirik dagoela da. Zuztarretan ere ondo begiratu: asko izan behar ditu eta harrotu egin behar dira. Alerik onenak momentuan ateratakoak dira. 

Landatzeko orduan oso garrantzitsua da zuloaren gutxienezko neurri estandarra 40 zentrimetro karratu izatea. Era berean, kontua izan nola sartzen den landarea. Bi zati ditu: zuztarra eta zurtoina; eta bien arteko zatiari lepoa deitzen zaio. Bada, lepoa lurraren mailan egotea komeni da, ez gorago, ezta beherago ere; ito egingo dugu bestela. Lur ona badaukagu zuhaitzari botako diogu, eta gero, gainean, zulotik ateratakoa ateratakoa erantsi. Dena ondo zapaldu, airea kentzeko, eta ureztatu.

Mantentze-lanak egin behar dira; besteak beste, inausketak gero.

Horrela da, bai; lehenengo urteetako garbiketa-lanak oso garrantzitsuak dira; hau da, inguruko narrak kendu, esaterako. Lur publikoetan, udaletako baso brigadek egiten dute lan hori. Horrez gainera, urtero, inausketa lanak egitea ere komeni da. 

Goazen Debagoieneko basoetan ibilalditxoa egitera orain.

Orain dela gutxi 65 urteko Gesalibarko auzotar batek kontatu zidan gazteagoa zenean gaztainadiak, artadiak, pagadiak... zirela. Gaur dagoenarekin antzekotasunik ez. Handik gatoz, beraz; eta horretara bueltatzea litzateke ametsa. Garai baten nagusitu ziren pinu landaketek erabat aldatu zuten paisaia. 

Orain urte batzuk pinuak etekin ekonomikoa lortzeko landatzen ziren; joera aldatzen doala dirudi.

Hasteko, ez dut inor kriminalizatuko pinuak landatu izan dituelako; urte onak izan dituen arren, globalizazioaren eraginez, pinuaren merkatua asko aldatu da, bai. Gaur egun oso merke ekartzen dute-eta, besteak beste, Txiletik eta Landetatik. Horrez gainera, pinuen askotariko gaitzak ere aipatzekoak dira: garai honetan pinu-beldarrak ikusten ditugu pinu orriak jaten. Foru Aldundiak sekulako ahalegina egiten du horiek fumigatzen, baina gero eta gogorragoa da gaitz horri aurre egitea. Baserritarrak hemengo landareen aldeko apustua egiten ari direla sumatzen dut.  

Babestutako espezieak ere badira gurean. Nork erabakitzen du?  

Foru Aldundiak du landareak babesteko ardura, betiere, udalen aholkuak jarraituta. Europatik ere heltzen dira hainbat habitat babesteko proposamenak. Egia da, era berean, badaudela babestu bako altxorrak, baina, agian, ez dituztenak zerrenda horietan sartzen, interes edo egoera bat dagoelako tarteko (batzuk aipatzearren, harrobiak edo AHT). Azpimarragarria da Udalatx mendiak gertu dituen Aizkorri-Aratz edo Urkiolako parkeak besteko garrantzi botanikoa duen arren, ez dagoela ofizialki babestuta. 

Esaera zahar batek dio bizitzan egin beharrekoen artean dagoela zuhaitza landatzea. Bat zatoz?  

Oso zalea naizenez, baietz erantzungo dizut, inor ezertara behartu barik. Gure atzetik datozenen aldeko keinu edo metafora bat dela esango nuke; hau da, guk landatzen ditugu, baina ondorengoek disfrutatzeko. Ditudan bi alabak jaio zirenean, bakoitzaren omenez, bana landatu genuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak