Arrasate Garbi plataformak etxez etxeko sinadura bilketa hasiko du

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 7a, 15:26

Goizean egin dute aurkezpena Kulturateko areto nagusian eta jende dezentek jarraitu ditu plataformako kideek emandako azalpenak. Adierazi dutenez, "Arrasate inguruko herrien artetik zikinenetakoa" da eta "egoera horri buelta emateko" lan egingo dute. Aldaketa hori, baina, "udal gobernuak gehiengo absolutua erabiliz inposatu nahi duen atez ateko sistemak mehatxatzen du", euren esanetan.

Horregatik, plataformaren lehen helburua izango da "atez atekoaren aurkako posizionamendua adierazteko aukera ematea", eta sinadura bilketa bidez egin asmo dute hori. Horretarako ez dute mahairik ipiniko, herriko etxe bakoitzera gutun bat bidali baizik. Kontatu dutenez, bertan, Arrasateko kaleetan lortu gura duten garbitasun eta itxura hobekuntzaren helburuak agertuko dituzte, era grafiko batean, eta herrian "inposatu" gura duten sistemaren kontra daudenen sinadurak batuko dituzte. Izan ere, Arrasate Garbi plataformako kideak egungo hondakin bilketa sistemaren eta hori "hobetzen" lagunduko duen bosgarren edukiontziaren alde daude, okerreko jotzen duten atez atekoaren aurrean.

Sinadurak

"Inposaketari eta zigorrari ez, zaborrari eta menu programatuen menpean bizitzeari ez, beharrezkoak ez diren kostu eta zabor ordainagiri garestiagoei ez, erabaki demagogiko eta politikoei ez eta kontzientziatzeari eta edukiontzien hobekuntzari bai esan gura dieten herritarren sinadurak" jasoko dituzte. Horretarako, aski izango da etxera ailegatuko den formularioa betetzea, izen-abizenak eta NAN zenbakia jartzea, eta Correoseko postontzietako batean sartzea, uztailaren 15a baino lehen; doan izango da.

Atez atekoa Stop plataformarekin elkarlanean

Sinadura emateko baldintza da aurretik emanda ez izatea. Jasoko dituztenak Atez atekoa Stop plataformak batutakoei gehitu eta alkateari aurkeztuko dizkiote, "aintzat har ditzan". Plataforma biek elkarlanean dihardute.

"Sinadura bilketaren bitartez, gainera, euren iritzia eman ahal izango dute azken udal hauteskundeetan abstenitu ziren 6.961 lagunek ere, Bilduren boto emaileak –4.726– baino 2.000 pasatxo gehiagok", azpimarratu dute. Adierazi dute baita ere ideologia politiko denek dutela tokia Arrasate Garbi plataforman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak