Hasieratik bero-bero egon zen batzarra. Ikusmin handia piztu zuen batzarrak; 40 bat bazkide agertu ziren, aurrekoetan hamar bazkidera ez ziren heltzen.
Patxi de Andres presidentea eta Maitane Gallastegi, Jose Luis Uribesalgo 'Urzu' eta Manu Arroyok osatzen duten zuzendaritza taldeak batzar zaila izan zuen hasieratik: De Andres kontuak azaltzen hasi aurretik Fernando Urangak –aurreko zuzendaritza taldeko kidea– presidenteak aurkeztu behar zituen kontuak zuzendaritza talde osoak berresten zituen galdetu zuen.
Bada, zuzendaritzakoek ez zuten baiezkorik eman, kontuon berri egunean bertan izan zutelako.
Konfiantzarik ez
Kontabilitate liburua erakutsi zezakeen ere galdetu zuten, baina ez ei dago halakorik. Hala, eta presidenteak hainbat kontu aurkeztu arren, bazkideek ez zituzten onartu. Mondraren historian bigarren aldia izan zen atzokoa –lehena uztaileko batzar orokorrean izan zen– bazkideek ez dituztela kontuak onartu.
De Andresek joan den denboraldiko galdu eta irabazien kontua, 2011-2012ko aurrekontuak eta Mondra tabernaren inguruko zenbakien berri eman zuen. Haren arabera, joan den denboraldian 103.613 euroko diru-sarrerak lortu ziren, eta 88.695 euroko euroko gastuak. Horrez gain, klubak gaur egun duen zorra 36.179 eurokoa dela jakinarazi zuen –25.656 euro autobusen konpainiari, 8.966 Astoreri eta 1.556 euro Athloni.
Aurtengo denboraldiko aurrekontuari dagokionez, 25.000 euro inguruko irabaziak aurreikusi zituen De Andresek eta diru hori aipatutako zorrak kitatzeko bideratuko direla adierazi zuen.
Boluntarorik ez
De Andresek zorrak 2008-2009 denboralditik datozela iradoki gura zuela interpretatu zuten bazkideek: "Ez dugu onartuko kaka aurrekoei pasatzea", adierazi zuen Fernando Urangak. Presidenteak, bainna, orduko zuzendaritzako kide zela esan zion Urangari.
Ika-miken ostean, blokeo egoera horretatik nola irten hasi ziren erabakitzen presidenteak aurkeztutako kontuak aztertuko dituen batzorde kudeatzaile bat sortzea erabaki zuten. Baina bazkideen artean ez zen bolondresik aurkeztu; horrek sutan jarri zituen zuzendaritza taldekoak. Azkenean, baina, osatu zuten batzorde hori: Ainhoa Gallastegi, Fernando Uranga, Arturo Nogueiras eta Lorenzo Gonzalezek osatuko dute.
Ekainean hauteskundeak, "ziur"
Finean, gardentasun falta leporatu zioten presidenteari, eta baita aurkeztutako zifrak justifikatzen dituzten datuak ez izatea ere. Honen aurrean, Zuzendaritzako kideek euren kudeaketarekin kritiko agertutako taldearen asmoa zein ote zen galdetu zuten: "Zentsura mozioa bat aurkeztu behar al duzue?", galdetu zuen Uribesalgok. Batzorde kudeatzaile horrek kontuak aztertu ostean, beste batzar bat egingo da, kontuak behin betiko onartzen diren edo ez jakiteko.
Bada, zentsura moziorik ez, baina ekainean hauteskundeak izango direla ziurra da. Hala adierazi zuen zuzendaritzak. Mondrako kontuak