Patxi de Andresek bi urte pasa daramatza Mondrako presidente modura, eta hasieran klubari bultzada emateko berak eta zuzendaritzako ordezkariek aparteko ahaleginak egin bazituzten ere, azken urte honetan bazkideak haserre dabiltza ekonomikoki egiten dabilen kudeaketaz. Hala, klubak izan ditzakeen zorrak baino gardentasun faltak haserrarazi ditu bazkideak.
Astore etxearekin duten zorra, autobus enpresarekin –bidaia asko autoz egiten dabiltza taldeak–, Mondra tabernaren kudeaketa (Lehen Lagunilla zena)... Kluba ekonomikoki ze egoeratan dagoen jakin nahi dute bazkideek lehenbailehen, eta horregatik sinadura mordoa aurkeztu dizkiote presidenteari. Bazkide kopuru osoaren %10a nahikoa da batzarra aurreratzeko, baina bazkideen %50ak sinatu du dagoeneko.
Mondrako zuzendaritzak aurten egindako azken batzarrean bero-bero egon ziren animuak, eta besteak beste presidenteari adierazi zioten ez zuela tabernaren kudeaketaren gainean inongo daturik eman. De Andresek argudiatu zuen urtebeteko epea behar dela kontuok egiteko, eta hurrengo batzarra urtarrilean egingo zutela adierazi zuten. Bazkideen eskaerak tarteko, abenduaren 5a aukeratu zuten batzarra egiteko.
Patxi de Andres: "Ez daukat ezer gordetzeko"
Mondrako presidentearekin harremanetan jarrita, Patxi de Andresek argibide hauek eman nahi izan ditu: "Mondrako bazkide ez diren batzuk badirudi arlo pertsonalean nire kontran zerbait daukatela, eta eurak dira zarata ateratzen dabiltzanak. Aurreko batzarrean aurkezten nuena aurkezten nuela nire kontra etorri ziren, eta aurrez prestatuta zeukaten dena. Abenduaren 5ean batzarra izango da Kulturaten, eta kontu guztiak argituko ditugu, izan ere, ez daukat ezer gordetzeko".