Atxilotuak askatzeko eta Kukutzaren alde, manifestazioa egin dute Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 21a

Atxilotuen gertukoek jakinarazi berri digutenez (18:50), aske utzi dituzte dagoeneko Kukutzaren hustean atxilotu dituzten lau arrasatearretako bi. Ane Gorosabel eta beste neska dira aske utzi dituztenak eta beste bi mutilak atxilotuta daude oraindik. Aske utzi dituztenei ondasunen usurpatzea egotzi diete.

Ertzaintzak hustu du dagoeneko Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea. Goizeko 5ak aldera hasi eta 11ak aldera amaitu du hustuketa. Juanjo Agirrezabala EAko parlamentaria, Dani Maeztu Aralarrekoa eta Mikel Arana EBkoa eraikinera sartzen saiatu dira, baina ez diete utzi. Arratsaldean manifestatzera deitu dute, Amezola plazan, 17:00etan. Iñaki Carro abokatua eta kazetari bat atxiki dituzte. Arrasateko eta Bergarako gazte batzuk zeuden Kukutza barruan eta Arrasatekoak izan dira azkeneko desalojatu dituztenak, 11:00ak aldera. Teilatuan zeuden.

Bilboko Kukutza gaztetxe barruan dagoen gazte arrasatear batek jakinarazi digu, Ertzaintza gaztetxea husten hasi dela goizeko 05:00ak aldera. Zera adierazi digu goizeko lehen orduan: "Ehunka dira, tanketa eta guzti. Jarrera oldarkorrarekin etorri dira eta egurra ari dira banatzen. Hainbat daude atean elebadorarekin. Ez dira pasako!". 60 bat gazte zeuden barruan Kukutzaren hustea saihestu nahian.

AGAKOren izenean Bilbora joan eta Kukutzaren alde erresistentzia egitera deitu ditu gazte arrasatearrak. Bestalde, gaur arratsaldeko 5etan izango diren mobilizazioei adi egoteko deia ere egin dute. Jarraitu zuzenean Ustream bidez. Twitterren ere jarrai dezakezue #kukutza hashtag edo gako-hitza jarraituta.

Hauxe da, Kukutza barrutik, gazte arrastearrak egin duen kontakizuna goizeko 7ak zirenean: "Tanketez, mailuz eta ondeamakinez eraikinera sartzen saiatu dira, baina ordubete kostatu zaie beheko solairuko ateak behera botatzea. Barruan hamarnaka lagunek erresistentzian jarraitzen dute; lasai eta gogotsu daude".

Errekalde auzoa erabat itxita egon da zirkulazioari eta bertako bizilagunak ezin izan dira auzotik irten. Gordoniz kalean protestan ari ziren ehunka lagunen aurka pelotazoak jaurti ditu eta Ertzaintzak. Kukutzako abokatuaren aurka ere jo dute ertzainek. Goizeko 06:00etarako hamar bat zauritu zeuden. Kukutzako kideek Errekaldera joateko deia zabaldu diote jende guztiari facebooken duten orritik. Arrasateko Gazte Asanbladakoek (AGAKO) eman digute informazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak