Elene Errastik ez du jarraituko Alaves taldean

Mirari Altube Arrese 2026ko uztailaren 1a

Elene Errasti Arriola futbol jokalaria. (Argazkia: Deportivo Alaves)

Arabako taldean bost urte egin ostean Elene Errasti Arriola (Aretxabaleta, 2000) futbol jokalariak ez du jarraituko Deportivo Alavesen. Hala eman du jakitera taldeak berak.

"Deportivo Alavesek eta Elene Errastik euren bideak bereizi dituzte, hazkunde partekatuko, konpromisoko eta dedikazioko bost denboraldiren ondoren", adierazi dute taldetik. 

Arizmendi kirol elkarteko taldean hasi zen Errasti eta 16 urte zituela Gasteizko Aurrera taldera joan zen. 2021-2022 denboraldian iritsi zen Ibaiara, Alaves Gloriosas B taldera, Alavesen filialean jokatzeko eta futbol prestakuntzarekin jarraitzeko. Handik urtebetera lehen taldera egin zuen salto "bere lanari, konstantziari eta bilakaerari esker", eta hala, maila gorenean egin zuen debuta.

Lehen Mailan debutatu ostean taldearen jaitsiera bizitzea ere tokatu zitzaion; 2023-2026 artean egon da bigarren mailan. Aurten, baina, talde urdin-zuria F Ligara igo da berriro. 

Deportivo Alavesek eskerrak eman gura izan dizkio Errastiri urte hauetan guztietan izandako "dedikazio, entrega eta konpromisoagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak