Elene Errasti, Alaveseko jokalaria: "Bete dut lehen mailan debutatzeko ametsa"

Hasier Larrea 2022ko api. 9a, 10:26

Elene Errasti, Alaves entrenatzen den Ibaiako instalazioetan.

Joan den asteburuan jokatu zituen lehen minutuak Iberdrola Ligan, Eibarren aurka. Lepauztaiko lesioa gaindituta, "pozik" dago alavesek eman dion aukerarekin.

Joan den udan sinatu zuen bi urterako kontratua Elene Errasti –Aretxabaleta, 2000– aurrelariak Gasteizko klubarekin. Fitxa Euskal Ligan jokatzen duen bigarren taldearekin izan arren, talde nagusiarekin entrenatu ohi da, normalean. Domekan zelairatu zuen lehenengoz Mikel Crespo entrenatzaileak.

Eibarren aurkako derbian debutatu duzu. Ze sentsazio izan zenituen?

Deialdi barruan nengoela ikustearekin bakarrik poztu nintzen, baina ez nuen espero jokatuko nuenik. Hasieran urduri egon arren, berotzera irteteko esan zidatenean kontzentratu egin nintzen. 79. minutuan zelairatu ninduen entrenatzaileak eta eroso sentitu nintzen. Ez nuen pentsatu: "Lehen Mailan ari naiz jokatzen". Partidua bukatu ostean jabetu nintzen gertatutakoaren garrantziaz.

Kolektiboki, baina, ez zenuten itxurarik onena eman.

Oso gaizki jokatu genuen, ez genuen espero 2-0 galtzea. Hala ere, lehen itzulian pilatutako puntuek denboraldi bukaerari lasai aurre egiteko baimena ematen digute. Iberdrola Ligan Alaves lehen aldiz jokatzen ari dela kontuan hartuta, pozik egon gaitezke egiten ari garenarekin.

Gustura sentitzen zara taldean?

Oso gustura. Lehen Mailan esperientzia handia duten jokalariekin entrenatzen naiz, eta oso ondo hartu ninduten lehen egunetik. Astero ordu mordoa egiten ditugu batera, familia txiki bat gara.

Nola daramazu lehen eta bigarren taldeekin aritzea?

Ondo daramat; denboraldi-aurrean jakin nuen entrenamendu gehienak talde nagusiarekin egingo nituela, baina deialdietan sartzen ez banintzen Euskal Ligan jokatuko nuela, eta halaxe izan da. Hasieran, harreman hotza neukan bigarren taldeko jokalariekin, astean behin entrenatuta gutxi ezagutzen nituelako, baina asteak igarota erla-zio handiagoa egin dut eurekin. Zortzi gol inguru sartu ditut Euskal Ligan.

Izango duzu aurten Lehen Mailan gola sartzeko esperantza.

Nik nire onena ematen jarraituko dut, eta gero, ea jokatzeko aukerarik izaten dudan. Aurkari zailak izango ditugu aurrean; Reala, Athletic eta Real Madril, esaterako. Ederra izango litzateke euren kontra aritzea.

Lepauztaia, errekuperatuta?

Bai; duela hilabete eman zidaten sendagiria. Azaroan hautsi eta hilabete egin nuen geldi, ebakuntza tarteko. Pixkanaka, lan-saioetara itzuli nintzen; bi hilabetez aritu naiz peto laranja soinean, kontaktua saihesteko. Lesioarekin asko ikasi dut futbolaren atzean dagoen zati gogorraz.

Ze beste gauza zabiltza ikasten?

Elitean jarrerak eta lanak duten garrantzia, gehienbat; hori ikasi dut, batez ere, taldekideengandik. Nahiz eta mundu hau sakrifikatua izan, gustura nabil, eta hala jarraitu nahi dut.

Ikasketei ere tokia egin behar.

Azken urtea dut Irakasle Ikasketa graduan eta Gasteizko eskola batean ari naiz praktikak egiten. Unibertsitateak erraztasunak ematen dizkit. Klasera joan ezin banaiz, irakasleek malgutasunez jokatzen dute nirekin.

Eta denbora librea zeri eskaintzen diozu?

Familiari eta kuadrillari. Ez dut askoz gauza gehiago egiteko denborarik!

Aretxabaleta eliteko futbolera ekarri duzu bueltan.

Horrek ere pozten nau. Esango nuke orain arte Oihana Aldai izan dela Lehen Mailan jokatu duen emakumezko bakarra.

Zorion mezu asko heldu zaizkizu?

Arizmendiko eta Gasteizko Aurrerako taldekide eta entrenatzaile ohiek zoriondu naute; oso pozik jarri dira nigatik. Honaino heldu banaiz, eurekin egindako lanagatik eta partekatutako momentuengatik izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak