Urteroko legez, UDAk eta Udalak antolatutako lasterketekin hasiko da eguna. Helduek, 11:00etan hasita, Aretxabaletako korrikalari Joseba Larrinaga Mardo gogoan izaten duen eta 46. aldiz antolatu duten lasterketa jokatuko dute. 8.410 metro dituen lasterketa da, eta Urkulu urtegiari bira eman eta gero, Otala Zelain bukatuko dute. Haien aurretik, neska-mutikoen lasterketak izango dira. 10:00etan hasita, benjaminek –500 metro–, alebinek –1.000 metro– eta infantilek –1.500 metro– zelaian jardungo dute lasterka, adinka banatuta. Haurren lasterketako sari-banaketa ekitaldia 11:15ean izango da, eta helduena, berriz, 12:00etan hasiko da; bitarte horretan, herriko trikitilariek emanaldia egingo dute. Oraindik badago krosean izena emateko aukera, herrikrosa.eus atarian, 8 eurotan. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina 15 euro ordaindu beharko da orduan.
Erromeria-giroa
Sari-banaketa ekitaldiak egin ostean, 12:30ean, Alarma Morea taldeak girotuko du Aozaratza auzoko zelaia, eta, horrekin batera, sagardo-kupela irekiko dute. Hala, erromeria-giroa izango da nagusi eguerdian Aozaratzan. 12:45ean hasita, ohiko herri kirol jokoez gozatzeko aukera izango dute Otala Zelai Egunera joandakoek.
Urteroko ohiturari jarraituta, herri bazkaria egingo dute auzoan, eta aurten ere norberak eraman beharko du jatekoa; antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte. Bazkalostea ere ez da nolanahikoa izango; izan ere, bapo jan eta gero, 16:00etan hasita, Ander DJa batuko da jaira, eta hark jarriko du festa-giroa Aozaratzako zelaian. 18:00etan, Leizarra musika eskolako dantza taldeek erakustaldia egingo dute, eta, eguna amaitzeko, 19:00etan hasita, Ander DJa arduratuko da berriro ere jai-giroa mantentzeaz.