Alaveseko jokalari Elene Errasti omendu du UDAK, F ligarako igoera lortu izanagatik

Mirari Altube Arrese 2026ko apirilaren 27a

Elene Errasti Arriola (Aretxabaleta, 2000) Alaveseko jokalariari aitortza egin zion UDAk domekan. Gasteizko taldeak Lehen Mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen apiril hasieran eta lorpen horren parte izan da aretxabaletarra. 

UDAren eta Real Cren arteko partidua hasi aurretik omendu zuten Errasti domekan, Ibarra futbol zelaian. Bi taldeetako jokalariek pasilloa egin zioten eta Miren Antxiak, UDAko jokalari ohiak, aurreskua dantzatu zion, UDA-Arizmendiko harrobiko jokalariak inguruan zituela. UDAren kamiseta oparitu zioten gero, eta ohorezko sakea egin zuen bukatzeko.

Omenaldia ezin izan zuen borobildu UDAk; izan ere, 2-5 galdu zuten Realaren aurka. Dena den, mailari eustea lortu dute eta datorren denboraldian ere Hirugarren Mailan izango dira aretxabaletarrak.

Bost denboraldi Alavesen

Errastik dagoeneko bost denboraldi egin ditu Alavesen. 2021ean iritsi zen taldera, 21 urterekin, eta lehen pausuak B taldean eman bazituen ere, bigarren urtean Espainiako Lehen Mailan jokatzeko aukera izan zuen. 2023an jaitsi egin zen taldea; dena den, Bigarren Mailan, azken urteetan, bilakaera handia izan du aretxabaletarrak. 

Andrea Estebanek entrenatutako taldeak apirilaren 4ean eskuratu zuen maila gorenean jokatzeko txartela, eta hiru urteren ondoren, Alaves Espainiako Lehen Mailan izango da 2026-2027 denboraldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak