Deportivo Alavesek maila gorenera igotzea lortu du CE Europari 0 eta 4 irabazita, Nou Sardenya zelaian. Berdinketak nahikoa bazen ere, garaipena helburu zutela adierazi zuen Elene Errastik, eta hala erakutsi zuen taldeak zelaian.
“Oso pozik gaude egindakoarekin; egun oso berezia izan da, eta ez dugu ahaztuko”, adierazi zuen aretxabaletarrak. Aurreko jardunaldian Mendizorrotzan lortutako berdinketak zapore gazi-gozoa utzi zien, eta oraingoan taldea "dena ematera" atera zen zelaira. Horren emaitza izan zen garaipen sendoa. Gainera, igoera ziurtatuta, geratzen diren partidak lasaitasunez jokatzeko aukera izango dute, presiorik gabe.
Partidari dagokionez, Reyesek 15. minutuan ireki zuen markagailua, eta bigarren zatian iritsi ziren gainerako golak: Guallar, Ines eta Almudenarenak. Garaipen horri esker, talde urdin-zuriak 12 puntuko aldea atera dio Valentziari, eta matematikoki ziurtatu du igoera.
Hirugarrenean, lortu dute
2022-23 denboraldian mailaz jaitsi ondoren, hurrengo urtean ez ziren mailaz igotzeko borrokan sartzeko gai izan, bederatzigarren amaituta. Iaz aldiz, oso gertu izan zuten: bigarren postuan bukatu zuten baina gol-averageak Alhama ElPozo igo zuen zuzenean. Play-offean ere ezin izan zuten helburua lortu, Cacereñok kanporatu baitzituen finalerdietan.
Andrea Estebanen taldeak bere historiako bigarren igoera eskuratu du, eta berriz ere emakumezkoen futbolaren maila gorenean lehiatuko da. Aretxabaletako jokalaria 2021ean iritsi zen Alavesera, CD Aurreratik. Hasieran filialean aritu zen, baina bere lanari esker lehen taldera egin zuen jauzia, eta 2021-22 denboraldian egin zuen debuta F Ligan. Orain, urte batzuk geroago, berriz ere maila gorenera itzuli da, taldearekin batera.