Espainiako hobi komunen inguruan lanean dihardu Lourdes Herrastik (Aretxabaleta, 1958) azken bi hamarkadetan. Gaur egun, Cuelgamurosen gerra garaian ehortzitako 33.000 pertsonen hezurrak berreskuratzeko proiektuan ari da buru belarri.
Nola doaz Cuelgamuroseko indusketa lanak?
Bi urte inguru gabiltza lanean. Pertsona batzuk han ehortzitako hezurrak berreskuratu gura dituzte, eta, gure lana, familia horien eskakizunei erantzutea da ahal denean; beti ez delako posible izaten.
Zer esan nahi du zientzialari omenduetako bat izateak?
Ohore handia da, azken finean oso pertsona garrantzitsuekin batera nagoelako; batez ere, horrek pozten nau.
Badira zeu bezalako emakumeak arkeologian?
Noski, arlo guztietan bezala. Ez nuke jakingo proportzio bat ematen, baina emakumeak badaude lanean; hor ez dago alderik. Gehienetan, ordea, gizonezkoek emakumezkoek baino oihartzun handiago dute, hor dago aldea. Baina horrek ez du esan nahi emakumezkorik ez dagoenik.
Eta horrelako ekimenak bozgorailu bezala funtzionatu dezakete, ezta?
Nik uste dut ez dela alferrikakoa izango; ni neu bezala, hor agertzen diren emakumeak askotan ezezagunak direlako. Emakume horiek hor ikusiko ez bagenitu, ez genuke euren inguruan ezer jakingo. Emakumeen lana ezagutarazteko modu baliagarri bat da.
Ikusi ahal duzu Aretxabaletako Belar Meta dendan zeure omenez jarri duten erakuslehioa?
Ni orain Donostian bizi naiz eta gutxitan egoten naiz Aretxabaletan. Ez dut oraindik Belar Metako erakusleihoa ikusi; familiak eman dit horren berri.