Emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten "lana ezagutzera" emateko Elhuyarrek abian jarritako ekimena Aretxabaletara ere iritsi da: "Hala, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak". Hain zuzen Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Hamabost saltokik egin dute bat Aretxabaletan eta establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa: "Emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten".
Honako hauek dira ekimenarekin bat egin duten saltokiak:
- 1. Iber (liburu-denda).
- 2. Begira (argazkilaritza).
- 3. Almila (moda).
- 4. Jon harategia.
- 5. Belar Meta (moda).
- 6. Tak (zapata-denda).
- 7. L10 (ile-apaindegia).
- 8. Zubia (zapata-denda).
- 9. Kiloka (elikagai ekologikoak eta belar-denda).
- 10. Iosu harategia.
- 11. Anitua farmazia.
- 12. Begiondo (optika).
- 13. Kilima (ume-denda)
- 14. Mimatu (moda).
- 15. Aretz (taberna).
Euskal Herriko hamasei herrik egin dute bat guztira –Debagoienean, Arrasatek eta Aretxabaletak– eta saltokiei dagokienez, 400 inguruk.
Hamabi zientzialari omenduak
Hamabi zientzialariri egingo diote aitortza aurten, eta horien artean dago Lourdes Herrasti Erlogorri aretxabaletarra, historialaria eta antropologoa. Gainerakoak honako hauek dira:
- Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa.
- Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatika-ingeniaria.
- Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Farmazialaria eta ekintzailea.
- Marie Anne Gillan Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841). Emagina eta asmatzailea.
- Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria.
- Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Kimika-ingeniaria.
- Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa.
- Ruby Payne-Scott (Graftib, Australia, 1912-1981). Fisikaria.
- Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria.
- Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua.
- Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa.
Aurreko urteetan legez, hamabi zientzialari horien inguruko ginkana publikoan parte hartzeko aukera egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten gaineko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana herritarrek.
Erakusketa txoko feministan
Esandakoez gain, erakusketa ere antolatu dute egunotarako herriak: Zientzia-emakumeak argira. TRIL Atxabaltako Txoko Feministan –Ilargi plazan, Errekabarren kaletik sartuta– egongo da ikusgai. Astelehenean, otsailaren 9an, irekiko dute eta martxoaren 9ra arte izango ditu zabalik ateak honako ordutegi honetan: astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara;eta astearte eta ostegunetan, 13:00etatik 19:00etara.