600 tomate mota baino gehiago elkartu ziren abuztuaren 23an eta 24an Polancon (Kantabria) egindako Antzinako Tomatearen VII. Azokan. Estatuko lehiaketako finalera hiru barietate iritsi ziren, horien artean David Agirrek aurkeztutako Aretxabaletako tomatea. Eta 2025eko Espainiako tomaterik onena izendatu zuten Aragoiko barietate bat, 80ko hamarkadan desagertzear egon zena.
Agirrek Larrino auzoan hazitako beste barietate bat ere saria eskuratzetik gertu egon zen; izan ere, Champagne motako tomatea nazioarteko lehiaketaren finalera iritsi zen.
Agirre oso pozik agertu da aurkeztutako bi barietate horiek finalera iritsi izanagatik. Gainera, badaki zer den sariak eskuratzea bi sari nagusi jaso zituelako Santa Cruz de Bezana herrian (Kantabria), 2021ean eta 2022an Aretxabaletako tomatearekin; eta iaz, Brandy Boy izeneko barietatearekin.
Asteburuan Torrelavegara
Kantabriako V. Tomatearen Jaialdia egingo dute abuztuaren 29tik 31ra bitartean Torrelavegan (Kantabria) eta hango lehiaketara eroango ditu Aretxabaletako tomateak Agirrek. Zapatuan aurkeztu beharko ditu eta epaimahaiaren emaitza domeka eguerdian jakinaraziko dute. Bost kategoriatan banatuta emango dituzte sariak: erregionala, nazionala, nazioartekoa, cherry eta dwarf (ipotxa).