Epaimahaiak aho batez erabaki zuen Agirrek Larrino auzoan ekoiztutako Brandy Boy tomatea nazioarteko tomaterik onena izendatzea. Ehun bat ale aurkeztu zituzten lehiaketa horretara, eta finalean Ananas Noire eta Berkeley Tie Dye barietateen aurretik geratu zen antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Aurtengo uztarekin jasotako lehen saria da Agirrerentzat eta pozik agertu da: "Aurten, lehen aldiz, tomate barietate desberdinak aurkeztu ditugu eta lehen saria eskuratzea nazioarteko jatorria duten tomate barietateen artean guretzat pozgarria da, ez genuen espero".
Era berean, azaldu du dituzten tomate barietate guztien landareak etxean hartutakoak direla: "Kasu honetan Brandy Boy tomatea amerikarra da, jatorriz Estatu Batuetakoa". Tomate gorria da eta Aretxabaletakoa baino tamaina handiagoa izan ohi du barietate horrek.
Saria jasota beste lehiaketa batzuetara aurkezteko asmoa agertu du, horien artean, irailaren 15ean Aretxabaletan egingo denera.