Nerea Pagaldai: "Badago lana Urkuluko arroaren kudeaketan"

Mirari Altube Arrese 2025ko mai. 16a, 09:54

Nerea Pagaldai, biologo arrasatearra. (Argazkia: Nerea Pagaldai)

Aranzadi Zientzia Elkartean doktoretza bukatzen dabilen Nerea Pagaldai Agiriano (Arrasate, 1993) biologoak Aretxabaletako ingurumenaren balorearen azterketa lana egin du eta joan den astelehenean aurkeztu zuen. Udalerriko ingurumenak duen balioa aztertu du, baita hobetzeko puntuak zehaztu ere. Horretan gidari izan ditu EHUko Aitor Larrañaga eta Arturo Elosegi ikerlariak.

Zein ezaugarri ditu Aretxabaletak?

Kontraste handia erakusten du Aretxabaletak; aldi berean ditu gune industrial intentsiboak zein baso natural zabalak. Bertako basoen berezitasunetako bat da berezkoa izatea zuhaitz espezi barietate zabala: pagoa, haritza, ametza, erkametza eta artea. Horrek abantaila handia ematen dio udalerriari klima aldaketaren aurrean moldatzeko. Ingurunea gero eta mediterraneogo bilakatuko da –tenperatura altuagoak, euria egun gutxiagotan kontzentratuta, eta, ondorioz, lehorraldiak– klima aldaketarekin, eta, horregatik, gaur egun zabalduen dauden pago eta haritzak izatetik, erkametz eta arte basoak izatera pasatuko gara. Beraz, espezie horiek modu naturalean izanik, basoa bera bakarrik joango da moldatzen, giza esku-hartze handirik gabe.

Dituen balioen artean zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Badaude Muru aldean eta Arbe inguruan zuhaitz espezie guztiak elkarrekin agertzen diren eremuak. Horiek oso baliotsuak izan daitezke basoak izango duen moldagarritasuna aztertzeko; erreferentziatzat hartu eta inguruko basoen kudeaketan zer egin zehazteko gidalerro izan daitezke. Zuhaitz motzez osatutako basotxo batzuk ere badaude, biodibertsitatean funtzio oso garrantzitsua betetzen dutenak eta gure ondare historikoaren parte ere badirenak –antzinako egur ustiaketa motaren erakusgarri–. Eta, azkenik, nola ez, Urkuluko urtegia dago. Bailara urez hornitzen du, eta urtegiko arroko kudeaketa funtsezkoa da erreketako zein urtegiko uren kalitatea eta iraunkortasuna bermatu ahal izateko. Hemen, ordea, badago oraindik lana.

Zein mehatxu atzeman dituzu?

Hobetzekoen artean dago, lehenik eta behin, Urkulu urtegiko arroaren kudeaketa. Konifera-landaketa asko dago han; banda marroiaren eraginez oso kaltetuak, gainera. Halako landaketetan ohikoa da zuhaitzak arrasez moztea (matarrasa), eta horrek lurzoruaren izugarrizko higadura dakar. Euria egiten duenean, urak lurzorua eramaten du eta galera horrek hurrengo zuhaitz belaunaldien hazkuntza moteltze du, eta zuhaitz gero eta ahulagoak sortu. Gainera, euri-urak eramaten duen lurra joaten da erreketara eta urtegira, eta, urtegiaren kasuan, hondoa, gutxika, sedimentuz betetzen doa –sedimentu gehiago, leku gutxiago urarentzat–. Lurzoruaren galera horren seinale da euri-egunetan errekek marroi kolorea izatea. Horrek errekako bizidunengan du eragina; zaildu egiten du haien bizimodua eta biziraupena. 

Hobetzekoen artean zeintzuek dute lehentasuna?

Dudarik gabe, bik: batetik, basoa kudeatzerakoan arraseko mozketak ekiditea, baita basolanetarako ahalik eta pista gutxien sortzea ere. Horrela, lurzoruaren higadura murriztu egingo da. Eta, bestetik, espezie exotiko inbaditzaileen aurkako borrokak. Izan ere, espezie horiek ingurunea guztiz eralda dezakete, eta habitata eta ekosistema kaltetu. Udala dagoeneko hasita dago Urkuluko arroaren egoera hobetzeko estrategiak baloratzen eta exotikoen aurka egiteko plan zehatzagoak garatzen.

Herritarrek ere izan dezakete zeresana lanketa horietan?

Bai, noski, Udalak gustura jasoko ditu-eta herritarren iritziak. Guk proposamenak egin ditugu, baina zein ekintza landu herritarren eta Udalaren erabakia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak