Euskaraldia 2025

June Elkoro: "Euskara erabiltzeko dago, eta ez apaingarri moduan gordetzeko"

Hasier Larrea 2025ko mai. 20a, 15:00

Lehenengo ediziotik hartu zuen ahobizi portaera June Elkoro Gerekak, "betidanik ahobizi handia" izan delako, eta laugarrenean haren herriko hamaikakoaren kideetako bat da.

Oraindik Euskaraldiko enbaxadore izatearen kontzientziarik ez duela onartu du, baina argi dauka non jarri behar den azpimarra: "Erabileran. Niretzat euskara garrantzitsua da erabileragatik, gehienbat, ze, nahiz eta jakin, ez dugu askotan behar beste egiten. Aretxabaletan bertan, zoritxarrez, ehuneko txiki batek erabiltzen dugula esango nuke".

Euskarak apaingarri izateari utzi behar diola gehitu du: "Korrika eta Euskaraldia moduko ospakizunetan beti ateratzen garelako Gora euskera! esaten, eta gero, atzealdetik, erdarara jotzen dugu".

Arlo pertsonalean, oro har, lagunekin euskaraz egiten duela esan du, salbuespenak salbuespen: "Ikusten badut norbait erosoago sentitzen dela gazteleraz, edo kostatzen zaiola euskaraz egitea, gehiago egiten diot gazteleraz".

Eskoriatzako Udalean laster

Atzegiren Pauso Berriak formakuntzaren bidez Aretxabaletako Udalean egin zuen praktikaldia Elkorok, eta laster Eskoriatzako Udalean jardungo du. Badu anekdota bat bi herriekin lotutakoa: "Aretxabaletako Udalean nenbilela, herritarren bat gazteleraz etortzen bazitzaidan, esaten nion Eskoriatzara joan zedila. Orain, Eskoriatzan berdina gertatzen bazait, euskaltegira joateko esango diot, euskaraz hitz egiten ikas dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak