Diputazioak, Fagorrek eta Aretxabaletako Udalak hitzarmena sinatu dute 'District Heating' proiektua garatzeko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 14a, 15:40

Lankidetza hitzarmenari esker, Fagor Ederlan kooperatibaren Aretxabaletako plantako soberakin termikoa berrerabiliko da eta horrenbestez, berotasun hori Ibarra kiroldegira bideratuko dute, hiriko bero sare baten bidez, CO2 emisioak murrizteko eta energia aurrezteko. 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Fagorrek, Fagor Ederlanek eta Aretxabaletako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute goizean, Fagor Ederlanen egoitza nagusian, District Heating proiektua garatzeko. Horrela, industria prozesuetan sortutako honar-beroaren energia-aprobetxamendurako sistema berritzailea sortuko dute.

Hitzarmenaren helburua da Fagor Ederlanen galdaketa-prozesuan sortzen den soberako beroa berrerabiltzea, eta hiri-beroko sare baten bidez bideratzea, Ibarra kiroldegia energia termikoz hornitzeko. Proiektua errealitate bihurtzeko, 500 metro inguruko kanalizazioa egingo dute Fagor Ederlanetik Ibarra kiroldegiraino eta lanak irailean hastea aurreikusten dute. Datozen asteetan aterako duten lanen lizitazioa.

1,7 milioi euro: hiru erakundeen inbertsioen batura

Guztira 1,7 milioi inguruko inbertsioa aurreikusten da. Fagorrek 912.000 euroko inbertsioa egingo du enpresako instalazioetan beroa berreskuratzeko sistemak sartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak , berriz, 700.000 euro bideratuko ditu bero sarea instalatzeko –industria planta eta kiroldegia lotuko dituena–. Aretxabaletako Udalak 85.000 euro bideratuko ditu proiektura Ibarra kiroldegiko azpi estazio termikoa egokitzeko.

Klima neutraltasunerako urratsak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi du goizeko ekitaldiak, sinatutako hitzarmena "trantsizio energetikoa erakunde publikoen eta enpresa konprometituen arteko benetako lankidetza-aukera bihurtzeko moduaren adibide bat" dela: "Gaur egun galtzen den beroa udal-zerbitzuak energiaz hornitzeko aprobetxatzea, emisioak murrizteaz gain, ekonomia zirkularra tokikotik eta industriatik ere eraikitzen dela".

Hitzartzean gehitu du, hitzarmenarekin efizientzia hobetuko dela, energia kostuak murriztu, eta klima neutraltasunerantz urrats zehatzak eman. "Gipuzkoan frogatzen ari gara jasangarritasuna eraldaketa eta ongizate-motorra izan daitekeela".

Enpresaren estrategiarekin bat

Fagor ederlaneko zuzendari nagusi Jon Koldo Zuazok azaldu duenez, hitzarmena enpresaren jasangarritasun estrategiarekin bat dator: "Alde batetik, ingurumenari dagokionez, gure ekoizpen plantan sortutako bero soberakina  aprobetxatzeak Aretxabaletako udal kiroldegian gas naturalaren kontsumoa nabarmen gutxitzea ahalbidetuko du, ondorioz, CO2 emisioak nabarmen murriztuz". 

Horri gehitu dio, gizarte ikuspegitik proiektuak indartu egiten duela eraldaketa sozialarekin duten konpromisoa "udal igerilekua girotzen eta ur beroa hornitzen lagunduz", eta horrenbestez, "onura zuzena" eskainiz aretxabaletarrei.

Aretxabaletako alkate Gari Iturberen esanetan, garrantzitsua da Udalarendako "alferrik galtzen den beroa herriko instalakuntza baten energia sortzeko erabiltzea. Bestalde, instituzio ezberdinen eta enpresen arteko lankidetzek gertutasuneko proiektuei ateak zabaltzeko aukera berriak sortzen dizkietela irizten dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak