Udal aurrekontua 18 milioi euroraino igo du Aretxabaletako udalbatzak, bi kreditu txertatuta

Mirari Altube Arrese 2025ko mai. 9a, 14:29

Aretxabaletako udaletxea.

Ezohiko osoko bilkura egin du Aretxabaletako udalbatzak eta erabaki 3,6 milioi euroko kreditua txertatzea otsailean onartutako Udal aurrekontuari. Hala, 18,5 milioi euro izango ditu Udalak 2025erako. Horri esker "azpiegitura garrantzitsuak" eraldatzeko eta "tokiko sozio-ekonomia" indartzeko aukera izango dela esan du Udal Gobernuak.

Bi kreditu txertatzea Udal aurrekontuan izan dute hizpide udalbatzako kideek. Lehenengoa, 229.700 eurokoa; eta hori dagoeneko prest dago inbertsioak egiteko. Bigarrena, 3.430.100 eurokoa da; kopuru hori kontuan izanik, jendaurrean jarri behar da ikusgai, alegazioak egiteko epea zabalduta.

Bi kreditu horiek gehituta 2025eko Udal aurrekontua 14.832.250 euro izatetik 18.492.050 eurora izatera pasatu da: "Gobernu Taldeak hartutako konpromisoa betez. Aurtengo aurrekontuaren exekuxioa ez dela %100ekoa izango jakinda, proiektu batzuk bukatuta egotea espero da, eta beste batzuk, hasita edo lizitatuta uztea da helburua, proiektuaren arabera".

Horri esker 51 partida onartu dituzte, horien artean "inbertsio garrantzitsuak", hala nola, 700.000 euro kaleak asfaltatzeko; 468.000 euro Gipuzkoa plazan eremu estali bat sortzeko; 350.000 euro udal zerbitzuetan hobekuntzak egiteko; eta 300.000 euro udaletxean igogailu bat instalatzeko.

Horiez gain, kiroldegian inbertsio handia egin gura da Fagor Ederlan lantegiko hondar-beroa aprobetxatzeko; horrek, "energia-kudeaketa eraginkorragoa eta instalazioen hobekuntza" ahalbidetuko du. Autobus-geltokietan –50.000 euro–, haur-parkeetan –75.000 euro– edo landa-bideetan –50.000 euro– ere egin nahi dira inbertsioak.

2026rako geratu diren beste hainbat lan ere nabarmendu gura izan dituzte, proiektuak aurten idatziko direlako: Durana –40.000 euro– eta Lausitta –50.000 euro– kaleetan eta pilotalekuan –40.000 euro–, hain zuzen ere. Herriko hainbat lekutan desfibriladoreak jartzeko asmoa ere badute.

Hona hemen kredituen dirua bideratuko den inbertsioetako batzuk:

Inbertsioak Kredituak (eurotan)

Asfaltatze-lanak

700.000

Gune estalia Gipuzkoa plazan

468.200

Zerbitzuetako inbertsioak

350.000

Udaletxeko igogailua

300.000

Ederlaneko beroa aprobetxatzeko inbertsioa

255.000

Landa finkak erostea

100.000

Kiroldegiko instalazioa

100.000

Patio inklusiboa

75.000

Umeen parkeetan inbertsioak

75.000

Igogailua Iturrizar plazan (obra)

70.000

Kuartelean hobekuntzak

56.000

Autobus geltokietan inbertsioak

50.000

Lausita kalerako proiektua

50.000

Durana kalerako proiektua

40.000

Pilotalekua egokitzeko exekuzio proiektua

40.000

Saneamenduan hobekuntzak

50.000

Baserri bideetan inbertsioak

50.000

Bide publikoak: seinaleztapenak, zebrabideak argiztatu

30.000

Desfibriladoreak

7.000

Plan estrategikoa onartuta

Osoko bilkura horretan datozen lau urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa ere onartu dute. Bi laguntza-lerro berri sartu dituzte hor: "Berrikuntza gisa, Garapen Ekonomikorako Sailean bi laguntza-lerro berri sortzea planteatu da, bat hirugarren sektorera bideratuta eta bestea Aretxabaletako merkataritza bultzatzeko helburuarekin", azaldu dute Udal Gobernuko kideek. Laguntza horien oinarriak laster argitaratuko dituzte.

Bestalde, 2024ko aurrekontuaren likidazioa jakinarazi da. Aurreikusitako inbertsioak abian jartzeko udalak erabil dezakeen soberakina handitu egin da: "Eta horrek behar adinako finantza-gaitasuna emango du datozen bi urteetan Aretxabaletako azpiegiturak nabarmen eraldatu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak