Zaintza ekosisteman "jauzia emango" dutela azaldu du, laster zabalduko diren zentro sanitarioari eta komentuan kokatutako Autonomia Sustatzeko Guneari erreferentzia eginez. Inbertsioetara eta azpiegitura berrietara etorrita, Gipuzkoa plazako gune estalia, Azatzako zubia, kirol-etxe aurreko ur txorrotak, Emakume Txokoaren zabaltzea, institutu berrirako lurren erosketa edota asfaltatze lanak aipatu ditu. Eta jasangarritasunari dagokionez ere, hainbat dira aurreikuspenak: Arkuperen eta Kurtzebarri eskolaren teilatuetan eguzki-plakak ipintzea, Ederlanek sortzen duen beroa kirol-etxean aprobetxatzeko proiektua abiaraztea edota argiteria LED sistemara aldatzea.
Osasuna, bere osotasunean, "erdigunean jarriko" dutela gehitu du eta, "hori bermatzeko, bitarteko ekonomikoak ez ezik pertsonalak ere bideratuko" dituztela: zaintza ekosistema eta ongizate emozionalaren gaineko lanketa aintzat hartuta abian jarriko dituzten ekintza-planak ipini ditu adibide moduan.
Eta asmo horietara begira, "egiteko modua azkarragoa izan dadin ahalbidetzeko", aurrekontuen diseinuan "aldaketa garrantzitsua" egin dutela gaineratu du.
EAJ abstenitu egin da
Aurrekontuen bozketan abstenitu egin da Eusko Alderdi Jeltzalea. Izan ere, jeltzaleak bat datoz aurreikusitako inbertsioekin, ez horrela aurrekontuen inbertsio gaitasunarekin: "hutsa" dela adierazi du Mikel Uribetxeberriak, "pertsonal gastuen, ohiko gastuen eta diru-laguntzen batura ohiko diru-sarreren parekoa" dela esanez. Udal gobernua "proiektuak aurrera ateratzeko zailtasunak izaten ari" dela ere gaineratu du.
EAJren abstentzioarekin eta udal gobernuko kideen aldeko botoekin, aurrekontuak aurrera atera ziren atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran.