2024an udaletxeko barne plana egin zuten eta bertan udal langileek izan ditzaketen problematika desberdinak identifikatu zituzten. Bertako ondorio nagusia izan zen udal barnerako jazarpen protokolo bat behar zutela. Horretarako, berdintasun lantalde bat sortu zuten. Horretaz baliatuz, eta Murgibe aholkuraritzaren gidaritzapean, aurten jarri dute martxan protokoloa. "Azkeneko emaitza izan da protokolo bat non ezartzen ditugun bide ezberdinak jazarpen egoera bat, eraso bat edo dena delako bat ematen bada, langileek edukitzeko helduleku bat non salatu ahal duten, kexa bat jarri ahal duten", adierazi du Gonzalezek.
Protokolo horrek jazarpenaren kudeaketan barne hartu behar diren printzipio batzuk zehazten ditu, baita ondorengo prozedura zein izango den ere. "Prozedura banatzen da bi zati ezberdinetan: lehenengo, informala; ondoren, formala. Informala izango litzateke mediazio bat edo bitartekaritza bat helburu izango zuen prozedura; eta formalak izan behar du ikerketa prozesua barne, testigu batzuk deitu behar ditu...", azaldu du Callek.
Baina protokoloaren garrantzitsuena da udaleko langile guztiek jakitea nora joan behar diren jazarpen kasu bat bizitzen badute. Horretarako email eta telefono zehatz bat duen aholkularitza konfidentzial bat sortu dute, jazarpen kasu bat ikusi edo bizi duten langileek salaketa jar dezaten.
Behin Udal barneko jazarpenen aurkako plan horrekin amaituta, herritarrentzako berdintasun plan bat ere hasi dute, Sanchezen hitzetan: "Orain hasi gara, orduan poliki-poliki prozesu horretan ere joango gara, eta horrek ere eramango gaitu herrirako beste neurri edo egitasmo batzuk martxan jartzera helburu horrekin: berdintasunean bizi den herri baterantz joatea".