Aretxabaletako Udala haserre eta atsekabetuta agertu da eta ohar bidez zera adierazi du: "Aretxabaleta herri atsegina, aktiboa eta lasaia da, eta ondorioz, horrelako zentzu gabeko gertakariek ez dute lekurik gure herrian. Ez dira, tamalez, jarrera isolatuak. Astero herrian hainbat kale altzari apurtzen dira: eserlekuak, hesiak, paperontziak, farolak...".
Hain zuzen martxoan, hirugarrenez eman diete su edukiontziei: Aratusteetan, Ilargi plazakoei; joan den asteburuan, Eroski aurrealdean daudenei, eta gaur, Ilargi plazakoei eta Andramarikoei. Eta urtea hasi zenetik bosgarrenez: urtarrilean bost erre ziren; otsailean, beste bost; eta martxoan, hamahiru.
Jarrera "errotik aldatu" beharra
Udalak, egoera horri erantzuteko, bere esku dauden "baliabide guztiak aktibatzeko"
konpromisoa hartu du eta gainerako erakundeetako baliabideekin koordinazioan
jarraituko du horretarako: "Jarrera errotik aldatzeko ezinbestekoa da, Udalaz gain,
herriko eragile eta herritar oro inplikatzea". Horretarako, herriko eragileekin bilerak abiatuko ditu, "txikitik hasi eta kolektiboan eragiteko" asmoz.
Herritar "gutxi batzuen" ekintzak izan arren gainerako guztiengan dutela eragina adierazi dute: "Kalte materialaz zein herrian eragindako kalteez gain, kostu ekonomiko eta
pertsonal handia suposatzen dute, eta pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen dute".
Horregatik, aretxabaletar guztiei dei egin die "inplikatzera" jarrera hauen aurrean, "errespetuan eta elkarbizitzan oinarritzen den herria eraikitzen jarraitzeko".