Aretxabaletako Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana (HMIP) zehazteko lanketari ekin dio Udalak; horrek 2026-2033 epean egingo diren jarduerak jasoko ditu. "Udalak badu Irisgarritasun Plan bat, 2018koa, baina alderdi askotan ez da egokitzen gaur egungo errealitatera, ezta Udalak dituen baliabideetara ere", azaldu du Garikoitz Iturbe alkateak, eta gaineratu: "Mugikortasun Plan bat ere egin zen 2008an, baina ez zen onartu". Horrenbestez, helburua da "mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea", bata bestearekin uztartuz.
Atxabaltan, kaleak denonak izeneko proiektua abian jarrita, "plan egingarri eta erreal" baterako oinarriak zehaztu gura dituzte. "Plan horretan jasoko dira datozen zortzi urteetan egiteko moduko jarduerak. Horrek eskatzen du Udalaren baliabideak neurtzea eta egitasmoa horietara egokitzea", adierazi du Ion Albizuk, Hirigintza zinegotziak.
Hiru ardatz
Mugikortasun-eredua aldatzeko espazio publikoa eraldatu beharra dagoela uste du Albizuk: "Proiektuan jasota geratuko diren lehentasunak erakutsiko dituzte egingo diren lanek: hau da, mugikortasun modu aktiboak lehen mailan –oinezkoak eta bizikletak–; garraio publikoa bigarrenean; eta bestelako motordun ibilgailuak hirugarrenean".
Proiektuak hiru ardatz nagusi izango ditu, helburu hartuta herri seguruagoa, inklusiboagoa eta osasungarriagoa izatea, eta hiru ardatz horiek izango dituzte kontuan proiektuaren idazketan eta esku-hartzeen diseinuan.
Segurtasunari dagokionez, istripuen babeserako inguruneak ezarriko dira. "Kontuan hartuko dira bereziki, zaurgarrienen beharrak: oinezkoak eta bizikleta erabiltzaileak batetik, eta haurrak eta adineko pertsonak, bestetik", dio Albizuk.
Irisgarritasunaren kasuan, irisgarritasun fisikoaz gain, sentsoriala eta kognitiboa ere hartu gura dituzte kontuan. "Kaleetan ibiltzea eta orientatzea erraztu nahi da".
Osasunean arreta jarrita hainbat esku-hartze egin gura dituzte; besteak beste, motordun ibilgailuen joan-etorrien kopurua gutxitu, ibilgailu pribatuen abiadura moteldu eta garraio publikoa bultzatu. "Joan-etorri aktiboak ere sustatu gura dira: oinez, patinetez eta bizikletaz ibiltzea, esaterako. Hala, osasungarriak diren ohitdurak erraztu egingo dira, eta osasungarriak ez direnak zaildu".
Irizpide sozialak ere kontuan
Aurretik zehaztutako hiru ardatzak osatuko dituzte beste "irizpide sozial" batzuk kontuan hartuta, "proiektua zehazten lagunduko" dutelakoan: "Esaterako, aniztasuna erdigunean jartzen denean, mendekotasunari edo pobreziari ematen zaio garrantzia; autonomia erdigunean jartzen denean, desgaitasunen bat duten pertsonen beharrak nabarmentzen dira; eta eguneroko jarduna edo zaintza erdigunean jartzen denean, eskolarako joan-etorriekin edo erosketekin zerikusia dutenetan jartzen da arreta".
Parte-hartze prozesua
Proiektuak duen garrantziarekin jabetuta, Udalak herritarrekin batera egin gura du lanketa. "Ez ditugu adituak behar, Aretxabaletan bizi diren herritarrak baizik", esan du Maider Etxaniz teknikariak. Horregatik, edonori zabalik dauden saioak antolatu dituzte.
Lehenengoa datorren martitzenean egingo dute, eta entzute-saio bat izango da. "Prozesua abiatzeko, hainbat herritar-talde gonbidatu ditugu solasaldietan parte hartzera. Talde bakoitzarekin, bere ezaugarrietatik eta beharretatik abiatuta, herriko kaleen inguruan jardun nahiko genuke, iritziak entzuteko eta ekarpenak jasotzeko". Lau multzotan banatuta elkartuko dira haiekin: 65 urtetik gorakoak; merkatariak; gurasoak; eta gainontzeko taldeak eta norbanakoak. Haurrak ere ez dituzte ahaztu: "Haiekin beste prozesu bat zabalduko dugu, herriaren parte izanik haien iritzia ere oso garrantzitsua delako".
Apirilaren 8rako, ostera, lanketa-saioa deitu dute, proposamenak egiteko, diagnostikoa osatze aldera. Edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. "Maiatza eta ekaina artean proiektuaren zirriborroari ekarpenak egiteko beste lanketa-saio ireki bat egingo da, eta galdetegi digital bat zabalduko da ekarpenetarako", dio Etxanizek. Asmoa da uztailean proiektua itxita uztea eta udazkenean onartzea.
Udal ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte proiektuan aletxoa jartzera: "Zenbat eta parte hartze handiagoa, orduan eta aberatsagoa izango da".