Iñaki Urreta: "Zaila da Erdi Aroko pentsaera ulertaraztea"

Mirari Altube Arrese 2025ko ots. 7a, 17:10

Urreta, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 80. zenbakiarekin.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 80. zenbakidun aldizkarian (2024) argitaratu dute Iñaki Urreta Leturiondo (Eibar, 1958) historialari aretxabaletarrak jasotako lan bat: Mendiolako abadearen hilketa ankerra (1557). 37 urtean irakasle izan ostean, 2018an erretiroa hartu zuen, eta artxiboetan murgilduta dihardu ordutik hona.

Zelan topatu zenuen Mendiolako abadearen kontakizuna?

Valladolideko artxiboan beste kontu batzuen bila nenbilela agertu zitzaidan. Sekulako testua da, prozesu osoa jasotzen duelako, eta ordu mordoa behar izan nituen letra bera ulertzeko, eskuz idatzita dagoelako, letra prozesal delakoarekin.

Hilketa baten berri jasotzen da.

Bi emakumek Mendiolako abadea hilda aurkitu zuten Landetako zubiaren azpian, eta hura argitzeko abiatutako prozesua kontatzen da, osorik. Arkarazoko Pedro Azkarretazabal eta Maria Garcia Zuazo senar-emazteak akusatu zituzten, eta, haiei irekitako prozesu penalaren deskribapen zehatzari esker, XVI. mendeko justiziaren funtzionamendua ezagutu genezake. Sumarioari Aretxabaletan ekin zioten; hau da, alkateak lekukoei bertan hartu zien testigantza, baina errekurtsoa aurkeztu, eta Valladolidera pasatu zuten gero. Hango epaileak Gipuzkoako korrejidoreari agindu zion ikertzeko, eta hark bere ordezkoa bidali zuen.

Eta zelako prozesua izan zen?

Lekukoek ez zuten inolako sinesgarritasunik, testigantza faltsuak ere egongo ziren, eta prozesuak, gaur egungo ikuspegitik, ez zuen inolako bermerik izan. Abadea hiltzea sekulako krimena zen, eta akusatuak hasiera-hasieratik zeuden kondenatuta. Baina prozesu baten gako garrantzitsuena aitortza zen, eta hori falta zitzaien. Horregatik, torturara jo zuten; ez egia jakiteko, aitortza lortzeko baizik. Torturak zehaztuta egoten ziren: zaldikoa edo potroa erabilita, biluzik, tornuari zenbat buelta eman… Borrero bat egoten zen horretarako, eta haren alboan epailea esandakoa idazten. Legeak ezarritako protokoloa bete zuten orduan ere; izan ere, mendekuzko justizia zegoen Europan, eta errugabetasun-presuntziorik ez zegoen.

Orduan ere, emakumeak gaiztoak?

Bai, halaxe da; testuan agertzen diren emakume gehienek dute akatsen bat: berritsuak eta gezurtiak dira (parleras), abadearekin oheratzen dira… Akusatutako senar-emazteen kasuan, esanguratsua da lehenik emakumea hautatu izana torturatzeko; zauri sakonak eragin zizkioten eta besamotz geratu zen.

Abade hura ez zen edonolakoa…

Erdi Aroan edonor izan zitekeen abade: latinez hitz batzuk esan, eta kito. Emakume artean ibiltzea oso ohikoa zen, seme-alabak izatea, emagalduekin oheratzea… Trentoko kontzilioarekin, hori moztu gura izan zuten, baina kosta egin zen.

Beste istorioren bat baduzu esku artean gaur egun?

Arratabe familiarekin nabil. Baita Eskoriatzako eskribauaren gainean ikertzen ere, botere handia izaten zuten-eta eskribauek. Inkisizioari ere heldu diot, eta forma ematen ari natzaio testuari, edonorentzat interesgarria izan dadin. Nafarroako inkisidore nagusia Arratabekoa zen, eta otaloratar bat Inkisizioaren Batzordean egon zen. Gurean ere jarri ziren kartelak elizan bi pertsona akusatuz, eta egon ziren zelatariak, salatariak…

Ez duzu pentsatu sekula eleberriren bat idaztea?

Gaiak eta istorioak asko daude, baina denbora behar da. Erdi Aroko kontuak kontatzea ez da zaila, baina orduko pentsaera ulertaraztea bai. Eta jakin behar dugu espazioek ere ez dutela zerikusirik oraingoekin; orduan oso gutxi mugitzen ziren bizilekutik. Era berean, garrantzitsua da ordukoen berri ematea, jakin dezagun oraingo kontuak ez direla beti horrela izan; jakin dezagun nondik gatozen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak