Hona hemen Urretak jaso, euskaratu eta laburtutako istorioa:
1557ko apirilaren 6ko goizean, Eskoriatzatik Mondragoera ogia saltzera zihoazen bi emakume ohartu ziren gizon baten gorpua ahuspez etzanda zegoela Landeta zubiaren azpian. Leintz Bailarako alkate Martin Saez de Galarza jaunari abisua eman ondoren, hilotza Juan Abad de Ibarrundiarena zela egiaztatu zen. Juan Abad de Ibarrundia Mendiolako San Juan parrokiako "meza-apaiza" zen. Alkateak ondo ezagutuko zuen abadea, bera baitzen parrokia horren patroia. Gorpuak aurpegia odoletan zuen eta bere ondoan ezpata bat aurkitu zuten. Alkatearen iritziz, ezpata Arkaraso elizateko Azkarretazabal auzunean bizi zen Pedro de Azcarrarretazabalarena zen.
Azcarretazabal horrek krimenarekin harreman estua zuela sinetsita, Martin Saez de Galarzak, Leintz Baikarako alkate eta, aldi berean, epaile arrunta zen aldetik, ofizioz jardunez, fiskal bat izendatu zuen, Juan de Marzana. Honek Juan abad de Ibarrundiaren heriotza kriminalki leporatu zien Pedro de Azcarretazabal jaunari eta haren emazte Maria Garcia de Zuazo andreari. Hala, bi urte luzez luzatuko zen prozesu judizial bati hasiera eman zitzaion. Prozesu honetan hiru instantzia judizialek hartu zuten parte: Leintz Errege Bailarako justizia arruntak, Gipuzkoako Korrejimenduak, Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Auzitegiak aginduta, eta, azkenik, azken Auzitegi honek, berari bait zegokion behin betiko epaia ematea.
Auzitegi horiek, bakoitzak bere unean, prozesu judizialean lekukoen testigantzak entzun ondoren, frogatutzat jo zuten Pedro de Azcarretazabal eta bere emazte Maria Garcia de Zuazo, azken honen senide batzuen laguntzarekin, Juan abad de Ibarrundia hil zutela, eta abadea Pedro de Azcarretazabal jaunaren etxera joan zela, Maria Garcia de Zuazo andrearen eskariz. Pedro eta bere jarraitzaileak abadearen zain zeuden etxean, eta hara heldu zenean jipoi hilgarria eman zioten. Ondoren, sudurra eta belarriak zapi-metxekin estali zizkioten, odolik ez isurtzeko. Gero, gorpua Landeta zubiaren azpitik zihoan errekara bota zuten.
Krimenaren arrazoiari dagokionez, pasiozkoa litzateke. Alderdi akusatzailearen arabera, Maria Garcia de Zuazok harreman oso estuak zituen Mendiolako apaizarekin. Izan ere, Mariak jakiak (txerri-solomoa, odolkiak, sagarrak, perretxikoak) eta arropa oparitzen zizkion abadeari, sarritan. Senarrak, egoera hartaz nazkaturik, Bailara osoan ezaguna izango baitzen, erabaki zuen emaztearen maitalea hiltzea.
Pedro de Azcarretazabal eta Maria Garcia de Zuazoren defentsak, bestalde, uste zuen akusazioaren argudioek ez zutela funtsik: Maria Garcia de Zuazo eta bere senarra, Pedro, pertsona zintzoak ziren, ospe onekoak eta hidalgoak. Gainera, ez zen egia Pedro de Azcarretazabal eta Juan Abad de Ibarrundia etsaiak zirenik; aitzitik, Bailaran nabarmena zen biek karta-jokoak eta mahaia partekatzen zituztela maiz. Adiskidetasun-froga horiek, defentsaren iritziz, akusazioak erabilitako krimenaren arrazoia baliogabetzen zuten; hau da, Maria Garcia de Zuazoren apaizarekin egindako desleialtasuna gezurrezkoa zen.
Emaztearen desleialtasunaren kontu horrek berebiziko garrantzia zuen; izan ere, Gaztelako zuzenbide penalean, zeina Gipuzkoan aplikatzen baitzen emaztearen desleialtasunaren eragilea elizgizon bat zenean, kasu honetan bezala, salatzen ez zuen senarra baimenduntzat hartzeko eta halakotzat zigortzeko arriskua hartzen zuen. Maria Garcia de Zuazok zertutako desleialtasuna egiazkoa balitz eta bere senarrak horren berri izango balu, honek emaztea edota bi maitaleak salatu izana izango zatekeen biderik zuzenena eta ez, bere emaztearen laguntzaz, abadea hiltzea.
Akusazioak aurkeztutako krimenaren arrazoia atzera botata, defentsaren prokuradore Lope de Echabek Pedro eta Mariaren askatasuna eskatu zuen. Echabek esan zuen Pedro de Azcarretazabal hilketa egunean Mondragoen zegoela garraiolari lanetan, eta ez zela gauera arte iritsi etxera. Iradoki zuen, halaber, krimenaren arrazoiak zerikusia izango lukeela abade zenaren inguruko giroarekin.
Lope de Echaberen arabera, Juan Abad de Ibarrundia gizon oso biziosoa izan zen bere garaian, neskazale amorratua: bere parrokiako bi neskamerekin harremanak izan zituen, beste batekin krimena gertatu zen lekutik gertu ikusi zuten eta, gainera, bizpahiru emagalduak izan zituen Eskoriatzan. Bestalde, "bere ekintzak gauzatzeko" gauez ateratzen zen, kapotearekin eta ezpatarekin, modu disimulatuan. Echabek ondorioztatzen du horrelako giroetan maiz ibiltzen zen gizon bati ez zitzaiola falta izango etsairik.
Errudunen defentsarekin amaitzeko, Lope de Echabek prozesuan zehar egindako irregulartasunak salatzen ditu: emakumeak auzi kriminal batean deklaratzea, funtsik gabeko lekukotasunak ("entzundako aipamenak") edo abadearen zuzeneko senideen testigantzak onartzea. Azken alderdi honi buruz, interesgarria da jakitea, garaiko landa- kleroaren "kalitateari" buruz ematen digun informazioagatik, fiskalak lekuko gisa aurkeztutako pertsonen artean Juana de Axpe zegoela, Juan abad de Ibarrundiaren lehengusina, berekin alaba bat, Mari Gracia de Ibarrundia, eta seme bat, Francisco de Ibarrundia izan zituena.
Prozedura judizialean zehar jasotako informazioari helduta, Juan de Ibarrundia Trentoko Kontzilioaren (1545-1563) aurreko kleroaren pentsamoldea eta jokabidea zituen aipa zen. Abade batek apaiz-adiskidea edo ohaidea izatea, ohikoa zen garai hartan, nahiz eta hainbat erakundek (elizak, probintziako batzar nagusiek, udalerriek) dagoeneko neurriak hartu zituzten zelibatoaren botoak ahaztera ohituta zegoen kleroa zuzentzeko. Egoera hori ohikoagoa izango zen landa eremuan, batez ere patronatu laikoko elizetan, hala nola Galartza etxekoa zen San Juan de Mendiolakoan, non Juan Abad de Ibarrundia zerbitzatzen baitzuen. Parrokia mota horietako apaizen prestakuntza eskasa izaten zen, eta, askotan, bokaziorik gabeko pertsonak ziren, tokiko laiko ororen antzeko bizimodua zutenak.
Bestalde, defentsaren alegatuak aurrera egiteko aukera gutxi zuen. Garai hartako justiziaren ezaugarria errepresiboa eta erasokorra izatea zen. Gainera, Mendiolako apaizaren hilketak lazgarritzat jo zuten, nagusi zen ordena politiko, ekonomiko eta sozialaren aurka zuzenean eraso egiten zuten zoritxarreko pertsonentzat erreserbatutako terminoa. Delitu "lazgarri" edo "anker" baten errudunak, berezia eta bestelakoa izateagatik, ez zituen prozesuzko berme arruntak merezi. Horiek, garai hartako Gaztelako sistema penalean, delituaren larritasunarekiko alderantziz proportzionalak zirela esan liteke. Bestalde, argitu behar da sistema horretan ez zela errugabetasun-presuntzioaren kontzeptua jasotzen; aitzitik, errugabetasuna frogatzea errudunari zegokion, eta akusazioaren zeregina, berriz, erruduntasun-aitorpena lortzea zen.
Aitortza hori lortzeko, Juan de Marzana fiskalak Pedro de Azcarretazabal eta Maria Garcia de Zuazo "tormentuaren menpe" jartzeko eskatu zuen. Eskaera horri babaesa eman zioten eraildako abadearen senideek; izan ere, errudunak kondenatuak eta zigortuak izango zirela ziurtatzeko, kasua aztertuko zuen epaile bat bidaltzeko eskatu zioten Valladolideko Kantzelaritzari.
Defentsak tortura eskaera arbuiatu zuen, kapare izaera zuten pertsonei ezin zitzaiela tormenturik egin argudiatuz. Fiskalak erantzun zuen errudunek maltzurkeriaz jokatu zutela eta horregatik ezin zutela kaparetasunaz gozatu.
Eskaera onartu egin zen, eta Kantzelaritzako Auzitegiak Gipuzkoako korrejidoreari agindu zion Azkarretazabal auzunera joan zedila, justizia- makilarekin, gertatutakoari buruzko informazioa har zezala, errudunak atxilotu zitzala eta erregearen izenean justizia egin zezala.
Probintziako korrejidore izendatu berri zen Pedro Lopez de Mesa jaunak Korrejidore-teniente Juan Perez de Manchola lizentziatuaren esku utzi zuen zeregin hori. Manchola Leintz Errege Bailarara joan zen, eta alkateak eta bertako epaile arruntak emandako autoen informazioa jaso ondoren, Pedro de Azcarretazabalen eta Maria Garcia de Zuazoren aurkako kargua berritu zuen. Ondoren, 1557ko azaroaren 27an, bientzako tormentu-epaia eman zuen. Ebazpen horren xedea ez zen egia bilatzea, errudunen erruduntasun-aitorpena lortzea baizik.
Manchola lizentziatuaren epaian zehazten da errudunek jasan beharko lituzketen tormentu motak: potroa eta kordel eta urarena. Azken hau zen ohikoena XVI. mendean: erruduna tortura zaldikoaren gainean jarrita, besoak eta hankak kordelez biltzen ziren gero, epaileak galdetzen zuen bitartean, borreroak sokei bueltak ematen zizkien, eta mina areagotzeko, urarekin bustitzen ziren. Sokak, espartzuzkoak zirenez, uzkurtu egiten ziren, eta zauri sakonagoak eragiten zituzten.
Errudunen prokuradoreak tormentu-epaia errekurritu zuen berriz, baina Kantzelaritzak birritan berretsi zuen epaia (1558ko urrian eta 1559ko urtarrilean). Baina, errekurtso horiek Kantzelaritzan ebazten ziren bitartean, Maria Garcia de Zuazo torturatu egin zuten. Hala, ez zen betetzen legeak jasotakoa; izan ere, legeak zehazten zuen goragoko epaileek apelazioari buruzko epaia eman arte, behekoak tormentuaren aplikazioa etenda utzi behar zuela. Beraz, defentsak aurkeztutako apelazioak Pedro Azcarretazabalen kasuan soilik izango luke eragina, baina ez zen hala gertatu. 1559. urteko otsailaren 7an, Valladolideko Kantzelaritzak betearazpen bat bidali zion Gipuzkoako korrejidoreari, Pedro de Azcarretazabali zegokionez Manchola lizentziatuak eta Kantzelaritzako epaileek emandako tormentuari buruzko epaietan jasotakoa bete zezan agintzeko.
Tortura-epaia zer ordenatan betearazi zen, lehenik Maria Garcia de Zuazo eta gero haren senarra, ez zen ausazko erabakia izan. Manchola lizentziatuak kontuan hartu zuen akusazioko prokuradore Pedro de Mendiolak emandako gomendioa, hau da, tormentua lehenik eta behin, emazteari eman behar zitzaiola, izan ere, krimenaren oinarri eta kausa zelako, eta, ondoren, bere senarrari bera izan baitzen aipatutako "pekatu eta delituari" amaiera eman ziona.
Bikoteak jasan izan zuen tormentuaren gogortasuna nabarmena izan zen. Defentsako prokuradore Cristobal de Salazarrek Valladolideko Errege Kantzelaritzako epaileen aurrean salatu zituen jasan zituen tortura-saioek Maria Garcia de Zuazon eragin zituzten ondorioak: epaileak Maria tortura zaldikoan biluzik jarri, eta bi ur-tormentu eta kordelak ematea agindu zuen, harik eta larrua zortzi lekutan zabaldu eta besamotz geratu zen arte.
Salaketa ez zen aintzat hartu; izan ere, garai hartako praktika penalean, printzipio gisa onartzen zen tormentuaren ondorioz errudunak jasan zitzakeen heriotza edo kalte fisikoak soilik egotzi ahal zitzaizkiola epaileari, baldin eta epaileak ez bazituen bete legeak eskatzen zituen betekizun guztiak.
Bi urteko auziaren ondoren, epaia 1559ko apirilaren 13an eman zen, eta, horren bidez, Pedro de Azcarretazabal eta Maria Garcia de Zuazo , Valladolid hiritik eta Leintz Bailaratik 5 legoako erbestealdi zigorrera kondenatu zituzten, 10 urterako. Epaia errekurritu egin zuten bi alderdiek, eta Kantzelaritzak 1559ko maiatzaren 27an eman zuen behin betiko erabakia: aurretik xedatutakoa berresten zen, eta orain aurreko zigorrari kostuen ordainketa gehitzen zitzaion, 27.336 marabedi.
Zigorra gogorra izan zen; izan ere, giza hilketa kasuetan, batez beste, destierroek zazpi hilabete baino gehiago eta bi urte baino gutxiago irauten zuten. Deigarria da, halaber, destierroaren distantzia, 5 legoa, normalean ezartzen zen handiena. Zalantzarik gabe, hildakoa elizgizona izatea erabakigarria izan zen epaileek zigorra gogortzeko. Bestalde, ziurrenik, gertaera horrek eskandalu handia eragin zuen Leintz Bailaran. Erbesteratze luze batek komunitaterako arriskutsutzat jotzen ziren pertsonetatik babestuko lituzke bere biztanleak.
Ez dakigu zer arazo izan zituzten Pedro de Azcarretazabalek eta Maria Garcia de Zuazok. Ez dirudi erbesteratze zigorra saihestu ahal izango zutenik, horretarako nahikoa baliabide ekonomiko izan behar baitzuten Koroari eta kontrako alderdiari ordaintzeko. Ez dugu ahaztu behar, ezta ere, auziaren kostuei aurre egin behar ziela eta, horregatik, prozesua hasi bezain laster, ondasunak bahitu zizkietela.
Pedro eta Mariaren etorkizuna zalantzaz beterik zegoen: ohorerik eta "ospe onik" gabe haien egoerak marjinalitatera eraman zituzten agian. Pentsatzekoa da egoera hori gogorragoa izango litzatekeela Maria Garcia de Zuazorentzat, "malefizio eta gertakari honen guztiaren kausa". Sistema penalak bere zeregin sozial profilaktikoa beteko zukeen, gaizkia erauzi edo komunitatetik urrundu baitzuen.