Asegarce pilota enpresan egiten zuen lana ofizio eta afizio izan zituen, baina horrekin batera Aretxabaletako ziklismoaren urrezko aroarekin lotu daiteke Zubillaga, bereziki ziklo-krosarekin. Izan ere, 60ko hamarkada amaieratik hasi eta 90eko hamarkadara arte Aretxabaletako ziklo-krosa nazioarteko proba entzutetsuenetakoa bilakatu zuten, munduko txirrindulari onenak etortzen ziren herrira eta hura posible izan zedin lanean ibili zenetako bat izan zen. Hain zuzen, UDAren 70. urteurrena ospatzeko egindako dokumentalean ondo jaso zituzten orduko kontuak, eta dokumentalaren aurkezpenean azalpen hauek eman zituen Manolo Zubillagak berak Goiena telebistan. Dokumentalean bertan berebiziko protagonismoa izan zuen, haren ahotik egin zuten eta garai haietan bizi izandakoen kontakizuna.
Baina haren ekarpena bailara mailakoa ere izan da kirol gaietan, izan ere, 2008an Debagoieneko Kirol Sariak (DKS) lehenengoz abian jarri zituztenean Zubillaga izan zen mahaiaren bueltan eseri zen lagunetako bat. Lehenengo ekitaldi hura Aretxabaletan egin zuten, eta ondoren etorri ziren beste zenbait edizio, herri ezberdinetan, sariketa bera pandemia aurretik desagertu zen arte.
Kiroletik harago ere egin zuen herri mailan ekarpena, UDAko eta Alkar kultura elkarteko presidente izan zen, eta baita zinegotzi ere Aretxabaletako Udalean, bi urtez.