Dokumentalean antolaketa taldeko Manolo Zubillaga, Jose Angel Arkauz edota Antziñe Mendia modukoen testigantzak orduko protagonistekin tartekatzen dituzte, bizikleta gainean ibili ziren Jose Maria Basualdo edo Iñaki Maiora ziklistak ere dokumentalean azaltzen dira-eta. Eta, orduko irudi eta erretratuekin osatuta, ikuslea 60ko hamarkadaren amaieratik hasi eta 1990era Aretxabaletan ziklo-krosa zer izan zen jabetuko da. Orduan egindako lanak, Aretxabaletako herriak antolatzaileei ematen zien babesa, Madrilen TVEko ordezkariekin zituzten harremanak, Frantzia edo Belgikara txapelketa handietako antolatzaileekin egotera egiten zituzten bidaiak, anekdotak... Horiek guztiak jasotzen ditu lanak, eta baita Munduko Txapelketa Aretxabaletara ekartzeko sufritu zituzten arazo edo azpijokoak ere, hori izan baitzen, seguruenik, urte horietako guztietako arantzarik handiena.
Dokumentala erakutsi aurretik GOIENA Gorka Etxaberekin eta Gorka Montielekin izan zen –Artemaneko ordezkari eta dokumentalaren egileak–, eta baita Manolo Zubillaga eta Jose Maria Basualdorekin ere.
Dokumentala erakutsi ostean protagonistak taula gainera igo eta berbaldi baterako tartea hartu zuten, arratsaldea borobilduz.