Erretiroa noiz iritsiko da?
Ofizialki erretiratuta nago, baina oraindik han eta hemen nabil, ezin utzi. Batzuetan lotsatu ere egiten naiz, 74 urte ditut-eta.
Pilota, txirrindularitza... zeu izan zara sekula kirolaria?
Ez, nagi xamarra izan naiz beti eta gaztetan orain baino gehiago. Hortaz, saltsa askotan sartuta bai, baina kirolaria sekula ez.
Asegarcerekin lanean ezagutu zaituzte askok; pilota munduan zenbat urte?
22 urte egin ditut, Asegarce jaioz geroztik; lehenengo partiduan ez nintzen egon baina bigarrenean bai. Pilotaren inguruan lanean, baina, aurretik nengoen hasita. Euskadiko pilota federazioa sortu zenean, Iurretan, lau urtetan izan nintzen zuzendaritzako kide eta harreman publikoen eta publizitatearen ardura izan nuen.
Jakin ez zenbat partidu ikusi dituzun, ezta?
Auskalo! Lehen egubakoitz, zapatu eta domeka guztietan joaten nintzen, eta orain ere, aste bukaera guztietan joaten naiz partiduren batera.
Euskal Herriko eta inguruko pilotaleku asko ezagutuko dituzu...
Bai, bai. Gaztelako pilota partiduetara ere joaten naiz, pilotaleku askotara, eta ezagun asko ditut han eta hemen.
Lagun asko orduan...
Askotan uste dut gehiegi. Izan ere, pilotalekuetan sartu orduko agurtzen naute batak eta besteak, eta emazteak esan izan dit: zein da ba hori? Eta nik jakin ez.
Baina pilota baino lehen txirrindularitza izan zen, ala?
Bai, ezkon bidaiatik itzuli nintzenean esan zidaten Aretxabaletako kirol elkartearen zuzendaritza batzordean nengoela. Hasieran, atletismoaren ardura izan nuen eta gero txirrindularitzarena. Talde ederra osatu genuen eta kontu mordoa egin. Astero-astero antolatzen genuen txirrindularitza lasterketaren bat orduan: emakumeena, ziklokrosa… Ez dakit dirua zelan lortzen genuen hori guztia antolatzeko!
Gaztetatik txirrindularitza zalea?
Aita txirrindularia izan zen eta behar bada hortik etorriko zait zaletasuna. Gogoan dut 12 urte nituela ziklokros txapelketa izan zela herrian eta txirrindulari famatuak etorri zirela. Ibilbidea erakusteko txirrindulari horiei esan zidaten, eta nik pozik egin nuen. Ordutik giro horretan…
Aretxabaletako ziklokros txapelketek ospe handia izan zuten...
Bai, 20 urte pasatxoan urtero antolatu ziren eta beldur barik diot Europako bigarren edo hirugarren lasterketa garrantzitsuenak zirela gurean egindakoak; halaxe onartu ziguten gainera, Belgikan, Frantzian, Alemanian... Herrialde horietan jokatutako munduko txapelketatan izan nintzen eta guztietan hartu gintuzten ohorez. Izugarrizko lana zen antolatzea, baina gustura egindakoa.
Orain dela bi urte esan zenuen Andramaixetan jokatzen den lasterketaren ardura utzi egingo zenuela. Oraindik, baina, hor jarraitzen duzu…
Bai, aurten guztiz utziko dudala esan berri dut, baina era berean antolatu ahal izateko diru bila nora jo pentsatzen hasita nago dagoeneko. Ardura horri heltzeko atzetik datorrenik ez dut ikusten-eta... Izan ere, orain ez dut uste ardurak lehen bezala hartzen direnik.
Alkarreko presidentea ere izan zinen. Zer zen Alkar?
Kultur elkartea zen eta ekintza mordoa antolatzen zituen: hitzaldiak, kontzertuak, arropak jaso etxeetan eta Santa Agedara eraman... Alkar desagertu ostean Loramendi sortu zen.
Zinegotzi ere izan zinen.
Bai, baina bi urtean bakarrik, gehiago ezin izan nuen iraun. Ez dut gustuko politika. Herriarendako lan egitea gustuko dut, baina gero politika sartzen da tartean… Eta nik pentsatzen nuen orduan: zergatik bozkatu behar dut besteek agindutakoa nik ez badut egoki ikusten? Utzi ostean ere sarri esan zidaten itzultzeko, baina ez dut gura izan.