ALBISTEAK

Gabonei "beldur barik" ekiteko egitaraua, gertu

Mirari Altube Arrese 2024ko abe. 4a, 07:51

Udaleko Kultura Sailak eta Aretxarte merkatarien elkarteak ekitaldi mordoa iragarri dituzte datozen asteetarako. Aurten, aldaketa batzuk ere izango direla aurreratu dute: Olentzero eta Mari Domingi, esaterako, menditik jaitsiko dira, baina goiz partean ez dira Herriko Plazan izango; eta txu-txu trena ibiliko da kaleetan hilaren 23an.

Gabonetako kanpainari hasiera eman diote Aretxarte elkarteko merkatariek, urteroko iragarkiarekin. Kepa Errasti eta AZ Visual Media izan dituzte bidelagun, beste behin, eta "beldur barik herrian kontsumitzera" gonbidatu dituzte aretxabaletarrak.

Erakusleiho lehiaketa abenduaren 9tik

Eguenean piztuko dituzte argiak kaleetan, Gabonei ekiteko. Aldaketak egin dituzte aurten, eta apaingarriak beste era batera zintzilikatu dituzte. "Ea herritarren gustuko diren", adierazi du Ion Albizu zinegotziak. 

Argiekin batera erakusleiho lehiaketa jarriko da abian datorren astelehenean; hilaren 20ra bitartean apainduta izan beharko dituzte saltokiak parte hartu gura dutenek, nahiz eta izenik eman beharrik ez dagoen. Erakusleiho onena aukeratzeko orduan kontuan hartuko dituzte, besteak beste, erakusleihoaren kalitatea, publizitate mezuaren imajinazioa, originaltasuna, eraginkortasuna eta argien erabilera. Lehen saria epaimahaiak erabakiko du –300 euroko bonoa– eta bigarrena –150 euroko bonoa–, herritarrek, boto bidez; abenduaren 9tik 16ra bitartean eman ahal izango da botoa, Arkupen jarritako kaxan edo webguneko galdetegia beteta. Irabazleen berri hilaren 23an emango dute Udal ordezkariek.

Herriko ekoizleen, artisauen eta merkatarien azokak ere ez du hutsik egingo; abenduaren 14an eta 15ean jarriko dituzte postuak, Durana kalean, 11:00etatik 15:00etara bitartean.

Olentzero eta Mari Domingi, iluntzean

"Ekintzaz betetako Gabonak izango dira, askoren gustua asetzeko modukoak; gospela, bertsoak bertsolari gazteekin, Iker Galartzaren eta Zuhaitz Gurrutxagaren antzezlana eta Ane Goitiaren bakarrizketa emanaldiak izango dira, besteak beste", azaldu du Ibai Zangitu Kultura zinegotziak.

Sasoiko ohiko ekitaldietan, ostera, aldaketak iragarri ditu: "Gurasoen elkarteekin lanketa bat egiten hasi ginen, eta hortik etorri dira aldaketak. Olentzero eta Mari Domingi ez dira etorriko eguerdian; haien ordez, laguntzaileek jasoko dituzte gutunak umeek kantuan irtetzen dutenean goizean". Iluntzean bai iritsiko dira, baina, kiroldegitik beharrean, mendi aldetik eta Araba ibilbidean, Portasolen, hasiko diote ibilbideari.

Bizaruri aurten ez da Aretxabaletatik pasatuko. Errege magoak, ostera, bai, betiko legez, urtarrilaren 5ean.

Aretxartekoen eskaintza

Merkatarien elkarteak, berriz, hainbat kontu antolatu ditu jaiegunotarako. "Umorea lagun, herriko erosketak sustatu gura ditugu", adierazi du Aitziber Gaunak, Aretxarteko presidenteak. Bezeroei, gainera, esker ona adierazteko, egutegia oparituko diete. 

Aurten ez dute zigiluen eskaintzarik egingo, eta, horren ordez, herria girotzea erabaki dute: "Batetik, hankapaluen kalejira bat egongo da, suak lagunduta; eta, bestetik, txu-txu trena izango da hilaren 23an".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak