Euskal presoei espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatu du Aretxabaletako Sarek

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 2a, 17:17

Aretxabaletako Sarek herri-agerraldia egin du gaur eguerdian 'Gari Atxabaltara' dinamikari amaiera emateko. Dozenaka herritar bildu dira Iturrigorri pilotalekuan eta Aretxabaletako Sarek eskerrak eman dizkie herritarrei bost urte hauetan euren babesa erakusteagatik, eta dei egin diete urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestaziora joateko.

2019an eman zion hasiera Gari Atxabaltara ekimenari Aretxabaletako Sarek Gari Garcia Arrietaren etxeratze-prozesua bultzatzeko helburuarekin. Gaurko agerraldian adierazi dute, Aretxabaletako herriak erakutsi duela Sare Herritarrak duela 10 urtetatik konponbidearen bideak jarritako helburuetan berresten dela:  "Adostasun sozialetan oinarrituta, gatazkaren konponbide prozesua bururaino gauzatu dadin lan egin duen herria da gurea". Hala, bost urte hauetan hainbat ekimen egin dituzte "Garik etxean egon behar zuela aldarrikatzeko". 

Valentziako espetxetik Zaballako kartzelara ekarri zuten 2020an, eta Sarek adierazi du lehen presoetako bat izan zela urrunketa politikaren amaiera "bere larruetan bizi izan zuena", eta gaineratu dute ordutik "gatazkaren konponbidearen prozesuan" urrats ugari eman dituztela: "2023an urruntze politikaren amaiera ikusi genuen eta biktimaren aldeko ekimenak ere ugaritzen joan dira aitortza eta erreparazioa aldarrikatuz".

Espetxe politika arruntaren aldarria

Gari Garcia hirugarren graduan aurkitzen da, eta berri "ona" dela azpimarratu dute. Horregatik, azaldu dute badela garaia gatazkak utzitako ondorioei "behar bezala" erantzuteko. Dena den, "korapilo handiak" daude askatzeko: "Salbuespen lege bat indargabetze prozesuan badago ere, espetxean geratzen diren euskal presoak salbuespen legedipean jarraitzen dute preso, biziarteko espetxe zigorra tarteko".

Horregatik eskatu dute euskal presoei espetxe politika arrunta aplikatzeko, euren esanetan hori izango baitagatazkaren konponbidea eta horrek ahalbideratuko du euskal presoak etxean izatea.

Mobilizazioak eta eskerrak

Hala, aurreratu dute aurten ere Gabonetan mobilizazioak egingo dituztela eta aretxabaletarrei dei egin diete 2025eko urtarrilaren 11n Bilbon egingo den urteroko manifestaziora joateko.

Era berean, eskerrak eman dizkiete herritarrei euren ondoan egon eta babesa erakusteagatik: "Zuek gabe gaurko ekimena egitea ezinezkoa izango zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak