Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko AROA plana garatzen hasi da Aretxabaletako Udala. Euskararen egoeraren diagnostikoaren zirriborroa osatu du, honako hiru bide hauek erabilita: aurretik egindako ikerketa eta plangintzak aztertuta; eta herritarrek betetako galdetegiak eta hainbat eragileri egindako elkarrizketak jasota.
Orain, diagnostiko hori herritarrekin landu nahi du, bi helbururekin: diagnostikoa kontrastatu eta osatu, eta datozen urteetarako erronka estrategikoak identifikatu. Abenduaren 3an izango da lan-saio hori, 18:00etatik 20:00etara, Arkupen. Udalak parte hartzeko gonbidapena egin du: "Guztion artean egoeraren irakurketa kritikoa egiteko eta euskarak dituen ahulguneak, indarguneak eta erronkak identifikatzeko".
"Egoera kezkagarria"
Herriko hainbat eragilerekin egin dizkiete elkarrizketak plana dinamizatuko duen Elhuyar taldeko kideek eta jaso dituzten ideia batzuk honako hauek dira: "Haurrei, koskortu ahala, orduan eta gehiago gaztelaniaz. Gazteak, naturalago gaztelaniaz, autentikoagoa ei delako. Helduak, bi berba euskaraz eta gainerakoa gaztelaniaz, euskaraz ari direlakoan. Euskara ikasten ari direnei, gaztelaniaz, ez inkomodatzeko. Euskaraz ez dakitenak, kuadrillan eroso, denak gaztelaniaz ari dira-eta. "Euskaldun itxura ez dutenei" gaztelaniaz, badaezpada".
Horiek eta egindako gainerako ikerketak ikusita Aretxabaletan euskarak bizi duen egoera "ez dela larria" adierazi dute Udaletik, baina "bai kezkagarria". Horregatik Aretxabaletak "astindu bat" behar duela esanaz, gogoeta kolektibo bat egitera gonbidatu ditu herritarrak.
Ospakizunak
Bestetik, Euskararen Eguna ospatzeko dei egin dute euskalgintzako kideek, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte; Loramendik, esaterako, abenduaren 5ean ospatuko du. Txalapartariak eta bertsolariak lagun hartuta, jai giroa sortuko du udaletxe zaharrean, 18:00etan, eta txokolatea hartuta bukatuko dute.
Ixotu euskara taldeak, ostera, Euskaraz eragiten egitaraua antolatu du, eta mahai-ingurua izango da gaur, 18:00etan, udaletxe zaharrean. Ana Goitia kazetariaren bakarrizketa saioa ere izango da gaur, 20:00etan, Arkupen, Udalak antolatuta.