Aretxabaletako udal gobernuak agintaldiko plan estrategikoa aurkeztu du

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 13a, 11:33

Azken urte eta erdian Aretxabaletako udal gobernuak egin duen ibilbidea eta 2027ra bitarteko agintaldiko helburu estrategikoak markatu nahiz horiek azaldu zituzten udal gobernuko kideek atzo arratsaldean Arkupeko Zaraia aretoan egin zuten aurkezpenean.

Herri proiektuan oinarritutako plana dela azaldu zuten, besteak beste, herritarrengandik, herriko eragileengandik eta taldeengandik jaso dutena islatu nahi izan baitute. Horretarako, gobernantza-eredu hurbila, parte-hartzailea eta gardena abian jarri eta eragile nahiz norbanakoen partaidetza sustatu dute. "Kalean egin ditugun entzute ariketetan eta elkarteekin bildu garenean gardentasuna eta gertutasuna bilatu nahi izan ditugu", adierazi zuen Aretxabaletako alkate Gari Iturbek.

Plan estrategikoa egiterako orduan, lau helburu zehaztu dituzte: herri bizia, guzion herria, herri irisgarria eta herri jasangarria. Batetik, loturak ehundu eta sinergiak sortzeko asmoa erakutsi zuten. Baita herriko pertsona guztiak erdigunean jartzea haiek dituzten beharretan fokoa jarriz. Herri irisgarri bat eraiki nahi dute, baita herri aurreratu bat bizi ohitura jasangarriak defendatuz. Eskaerak ere hainbat izan dira: "Jendearen ekarpenak izan daitezke gauza txikietatik, adibidez, espaloiak konpontzea edo gune estalien beharra adieraztera. Edo frontoiaren egoerak ere eskakizun asko izan ditu".

Helburu bakoitzean hainbat proiektu

Helburu bakoitzean proiektu ezberdinak planteatu dituzte, eta aurrekoez gain, beste hainbat proiektu planteatu dituzte, hala nola, kirol etxe aurrean ur txorroten aisialdi gunea jartzea, energia kontsumoan berriztagarrien aldeko pausoak ematea edota bakardadearen inguruko proiektu pilotua planteatuko dute. "Konbentuare ere luze doa. Asko atzeratzen ari dira lanak, baina autonomia sustatzeko eremua egongo da. Bultzatu nahi dugu sozializatzeko puntua izatea".

Institutu berria eraikitzeko lehen pausoak ere ematen ari dira eta 2025erako proiektua osatzen hasiko direla aurreikusten dute. "Datorren urtean Hezkuntza Sailarekin batera Institutu berriaren hasiera planteatzen dugu. 2025erako proiektua gauzatzen hasiko direla ziurtatu digute Hezkuntza Sailetik. Adostuta daukagu zati handi batean lurraren erosketa eta guri tokatzen zaigu urbanizazio plana egitea", azaldu zuen Iturbek.

Aurkezpenaren amaieran bertaratutako herritarrek agertu zuten interesa eta aurkeztutako proiektuei buruz gehiago galdetu nahiz beste zenbait proposamen egin zituzten.

Lan-ildoak eta ekintzak

Lau lan-ildoak eta horien baitan zehaztutako hainbat ekintza hemen:

Herri bizia

• Jarduera ekonomikoa: Fideltasuna saritu Ekhilur proiektua abiarazita; lokal hutsak kudeatu; eta belaunaldien arteko erreleboa bermatu.

• Kultura: Arkupe azpian postontzi bat jarri, liburuak itzultzeko liburutegira; ikasleek beren kontu ikasteko ikasgela bat egokitu; herriko eragileekin agenda bateratu bat sortu eta aplikazioa eguneratu; kuartelaren egituraren analisia egin. • Euskara: Euskara sustatzeko plana; euskaraz ikasteko dirulaguntzak handitu eta nerabeendako eskolak indartu.

• Hezkuntza: Institutu berria eraikitzeko lurren erosketa bukatu eta urbanizatze lanen aurreproiektua egin –Hezkuntza Sailak proiektua esleituko du–; herriko ikastetxeek patioetan aterpeak izateko aukera aztertu.

• Kirola: Pilotalekua berritu eta Kurtzebarri eskolako aldagela, lekuz aldatuta, pilotariek erabiltzeko moduan jarri; kiroldegi aurreko berdegunean ur-txorroten gunea eta aisialdirako eremua egokitu –urte hasieran esleitu lanak, udan bukatuta egoteko–; futbol zelaiko aldagelak eta dutxak berritu.

Guztion herria

• Pertsonak erdigunean: Bakardadearen bueltako proiektu pilotua martxan jarri, talde motor bat eratuta; komentuan autonomia sustatzeko zerbitzua martxan jarri –esleituta dago–, baita jatetxe zerbitzua ere; etxez etxeko arreta zerbitzua indartu, langileen lan-baldintzak hobetuta; otsailean harrera plana egin; gazteen ongizate sozialaren ekintza plana martxan jarri.

• Berdintasuna: Txoko Feministaren prozesua amaitu eta lokala ireki; LGTBIAQ+ diagnostikoa bukatu eta plana abiarazi; Berdintasun teknikariaren postua berreskuratu.

Herri irisgarria

• Mugikortasuna: Aozaratzako zubiaren lanak esleitu; argiteria publikoa konpontzen jarraitu; kaleak asfaltatzeko inbertsioa handitu; Copreci pareko bidegorri zatia egin; sei hilabeterako hartutako igeltseroa brigadako taldean sartu.

• Espazioak: Gipuzkoa plaza berritu eta gune estalia sortu; Txarapeako igogailua erosi eta hornitu; udaletxean igogailua jarri; Andramariko kantxa konpondu.

Herri jasangarria

• Inguru naturalak: Ibaitik espezie inbaditzaileak kendu eta naturalizazioa bultzatu; modu jasangarrian kudeatu basoak, Tantai kooperatibaren bitartez.

• Energia: Ederlaneko lantegiak sortutako beroa aprobetxatu kiroldegirako; Arkupen eguzki-plakak jarri eta beste eraikin batzuetan jartzea azte

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak