"Bizipenez beteta" itzuli dira Poloniako topaketatik

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 25a, 06:57

Astebetez izan dira Aretxabaletako zortzi gazte Wroclaw hirian, Neska Gazteen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimenean parte hartzen; feminismoaren bueltan jardun dute lanean, poloniarrekin eta alemaniarrekin batera.

Kontu mordoa ikusita, ikasita eta bizita itzuli dira Erasmus+ programaren baitan Polonian egindako topaketatik Kurtzebarri institutuko DBHko ikasle diren Zaraitzu Lazkano Gorostiza, Uxue Fernandez Lezeta, Ane Aguilar Olabe, Doltza Lizarriturri Etxenausia, Nahia Pasamar Rodriguez eta Izaro Urkia Garcia eta haiei lagun egin dieten Alaitz Mendieta Altuna eta Amaiur Belategi Madina hezitzaileak. Urriaren 12tik 20ra bitartean elkartu dira Poloniako bertako eta Alemaniako beste horrenbeste neska gazterekin. Turkiakoak eta Palestinakoak ere gonbidatuta zeuden, baina ez zuten joaterik izan. "Bagenekien palestinarrentzat oso zaila izango zela bertaratzea, herrialdearen egoera kontuan izanik. Bideo-dei bidez harremantzea zen gure gogoa, baina hori ere ez egitea erabaki zuen hezitzaileen taldeak. Hala ere, kamiseta batzuk egin genituen haiei emateko. Turkiarrei, ostera, ez zieten bisarik eman", azaldu du Mendietak.

Kultura ezberdinak

Aisialdirako eta lanerako tartea izan dute: "Wroclaw hirian egon gara eta ikusi ditugu udaletxea, katedrala, alde zaharra, emakume etxea... Pisarzowice herritxoan, ostera, mendiak, eskola eta krishna kultura ezagutu ditugu". Bisita horiek elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko aitzakia izan dira: "Oso ondo moldatu gara geure artean. Ohitura ezberdinak ditugu, baina azkar egokitu ginen horietara eta hizkuntzarekin ez dugu izan arazorik. Harreman politak sortu ditugu batzuekin".

Lanean ere jardun dute; feminismoaren bueltan, hain zuzen ere: "Gure herrian zein baliabide ditugun eta nahi ditugun azaldu genien. Polonia oso herrialde katolikoa da, eta, programan parte hartu duen taldea herri txiki batekoa dela kontuan izanik, feminismoaz ez zuten ideia handirik. Beraz, saiotxo bat prestatu genuen estereotipoen eta feminismoaren bueltako kontuen gainean hitz egiteko".

Eman bakarrik ez, jaso ere egin dute besteengandik: "Kultura ezberdinak ezagutu ditugu, bizitzeko modu ezberdinak. Baita haien hizkuntzetako –poloniera eta alemana– berba batzuk ere". Bizi izandakoak norberak duenari balioa eman dio: "Errealitate oso desberdinak bizi ditugula ikusi dugu, eta zorte handia dugula hemen bizitzeaz". Gaineratu dute "sekulako pribilegioa" izan dela halako topaketa batera joan ahal izatea: "Asko ikasten da, eta bizipenez beteta itzuli".

Ikastetxean eta gaztelekuan horren guztiaren berri emateko gogoz daude, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak