Euskal Herriko argazkilariek euren lanak aurkeztu dituzte Arkupen

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 6a, 13:18

Euskal Herriko lehenengo argazkilaritza topaketa egin zuten atzo, hilak 5, Arkupe kultur etxean, eta erakusketa kolektibo bat ere aurkeztu dute irabazleen argazkiekin.

Aretxabaletako Udalak antolatuta, Jardin Remoto ekimenaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin, Euskal Herriko argazkilaritza topaketak hartu zuen atzokoan lekua Arkupe kultur etxean, eta Euskal Herriko zortzi argazkilariren lanak saritu dituzte: lurralde bakoitzeko bana eta aretxabaletar batena. Era horretan, artista horiei plaza bat eskaini nahi izan diete antolatzaileek, Ibai Zangitu Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziaren hitzetan: "Gure helburua zen sortzaileei plaza berri bat eskaintzea, eta oraingoan pentsatu dugu argazkilaritza gure egunerokotasunean asko dagoen gauza bat dela: denok gaude argazkiak ateratzen une oro, baina benetako argazkilari artistei plaza bat ematea nahi genuen".

Haren hitzetan, Euskal Herria "herri txikia" izanda ere, "askotariko begiradak dituen herri bat" da, eta hortaz gozatzeko aukera izan da topaketan, Arabako Endika Diaz, Bizkaiko Saioa Migel, Gipuzkoako Jaione Garcia, Nafarroako Kike Balenzategi, Lapurdiko Guillaume Fauveau, Nafarroa Behereko Nahia Garat eta Zuberoako Polo Garat argazkilariek euren lanak aurkeztu baitzituzten egun osoan zehar. Baita Jorge Almeidak ere, Aretxabaletan bizi den zaragozarrak, harriak protagonista dituen Harrien deiadarra lana ondu baitu, klima larrialdia gogoan.

'Harrien deiadarra' lana

Almeidaren hitzetan, Urkulu urtegia da bere lanaren abiapuntua: "Han oinarritzen da argazki-lan guztia, eta harri horiek urtegia bere maila normalean balego inoiz ikusiko ez liratekeen harriak dira. Hain zuzen ere, maila jaisten hasi zenean hasi ziren harri horiek agertzen. Protagonistatzat hartzen ditut, profetatzat; hortik, hain zuzen, Oteizaren hamalau apostoluei eginiko keinua ere, begiratzen gaituzten hamalau harri baitira".

Jorge Almeida argazkilaria atzo goizean eginiko aurkezpenean. Irudia: Goiena.

Haren hitzetan, herritarrek ez lituzkete ikusi beharko harri horiek, baina ikusi eta entzun beharrekoak dira, ahotsa eman dielako argazkien bidez, mezu argi bat helarazteko asmoz: "Jendea ohartarazteko oihu bat da, iaz lehortearekin izan zen arazo bati erantzuteko. Badirudi ja ez dela gertatzen... Memoria hauskorra dugu, eta ez dugu gertatutakoaz pentsatzen, ezta? Urtegia bete da, harri horiek ez dira ikusten ja, urpean daude, eta inor ez da gogoratzen. Bada, nik uste dut erantzukizun-ekintza bat dela jendeari gogoraraztea zer gertatu zen, ezin baitugu beste aldera begiratu".

Sari banaketa eta erakusketa

Arkupe kultur etxean dago ikusgai Harrien deiadarra lana, zapatu eguerdian aurkeztu zuten erakusketa kolektiboaren parte baita gainontzeko argazkilarien lanarekin batera. Horrez gain, sari banaketa ere egin zuten arratsaldean, 300 euroko sari bana eskuratu baitzuten argazkilariek. "Eginikoa ikusita eta lehiaketak izan duen harrera ikusita, asmoa da atorren urtean berriro errepikatzea eta argazki lehiaketa haztean joatea, geratzekotan etorri den zerbait izatea", azpimarratu du Zangituk.

Argazkilarien lanekin osatutako erakusketa kolektiboa, Arkupe kultur etxean. Irudia: Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak