Aretxabaletako II. Berdintasun Planaren baitan kokatutako lanketa da. Orain arte halakorik egin barik zegoela Aretxabaletan jakitun, Berdintasun Sailak horri heltzea erabaki du Ainhoa Sanchez zinegotziaren esanetan: "Udalak berdintasunaren aldeko apustu sendoa egin du, eta horren barruan LGTBI+ politikak sartzen dira. Horregatik, orain arte landu barik zeudela ikusita erabaki dugu horri heltzea". Malena Gonzalez teknikariak gaineratu du: "Kolektibo horren beharrak identifikatzea da helburua, ondoren ekintzak garatzen joateko".
Horretarako herritarren laguntza gurako lukete: "Komunitate horren arazoak, gainerako herritarren arazo ere badirelako, eta guztion erantzuna behar dutelako", dio Sanchezek. Eta lanketari ekiteko "gogotsu" agertu da Udal ordezkaria: "Aretxabaletan antolatuta dauden taldeak gurekin batera daude, lanean hasteko gogoz, gainera". Lohixak –Gazte Mugimendutik sortutako taldea– eta Atxabalta Harro dira herrian eratutako bi elkarteak: "Bien arteko elkarlana badago eta horrek asko errazten du edozein lanketa".
Urtebeteko lanketa
Sudergintza eta Eihera kooperatiba feministek gidatuko dute diagnosia lantzeko egingo den bidea. Lehenengo zeregina izango da Aretxabaletako LGTBI+ komunitatearen errealitatea ezagutzea: "Argazki mamitsu bat izan gura dugu eta horretarako hainbat lan egin beharko dira", azaldu du kooperatiben izenean Zuriñe Rodriguez kideak.
Norbanakoei elkarrizketak egingo dizkiete eta eragileekin eta agente estrategikoekin bilduko dira: "Horien bitartez jakingo dugu nola erabiltzen duen komunitate horrek espazioa, nolako harremana duen aisialdiarekin, LGTBIfobia badagoen herri honetan eta zelakoa den, nola desiatzen den eta horretarako nolako esparru potentzialak dauden…".
Herriko bi taldeetako kideekin egingo dute hori, baita Udalarekin ere. Urtebeteko lanketa izango da eta landutako guztia txosten batean jasoko dute: "Herriko argazkia bakarrik ez da izango, neurri batzuk ere jarriko ditugu mahai gainean, Udalaren esku geratuko direnak".
Inongo taldetan ez dagoen herritarrek ere parte hartu ahal izango dute. Horretarako helbide elektroniko bat jarri dute eskura: lgtbi@aretxabaleta.eus. "Anonimotasuna erabat bermatuta izango da; gu norbanako horiekin elkartuko ginateke: zalantzak argitzeko, parte hartzeko, argibideak emateko… Lanketan kolektiboek leku handia dute baina espazio indibidualak ere izango dira; izan ere, esperientzia pertsonalak ezagutu gura ditugu".
Behin lana bukatuta herri osoari aurkeztuko diote diagnostiko hori. Urtebeteko epealdi horretan datak erabat zehaztu barik izan arren oraingoz, mugarri diren egun batzuk aprobetxatuko dituzte: "Prozesuak berak markatuko dizkigu denborak, eta herritarren beharrek. Presarik ez dugu; nahi duguna da argazki on bat izatea".
Lohixak "gustura"
Lanketa garrantzitsua dela uste dute Lohixak taldeko kideek. "Gauza asko egin ditugu Aretxabaletan baina oraindik lan asko dago egiteko. Kolektiboko jende asko dago, batzuk barruan eta beste batzuk kanpoan, eta egoera zein den jakitun izatea garrantzitsua da baina bereziki erabakiak hartzea eta martxan jartzea Aretxabaleta seguru eta erakargarria izateko", adierazi du Maider Triviñok eta Maider Urrutiak gaineratu du: "Orain guri dagokigu esatea nondik jo gura dugun eta jende gehiagorengana heltzea da helburua. Horregatik, parte-hartze handia izango dela uste dugu".