Emakumeen ahalduntze sozio-politikoa ardatz hartuta "autonomia garatzeko" programa bat prestatu du Udaleko Berdintasun Sailak, Jabekuntza Eskolaren baitan. "Mugimendu Feministaren aldetik zein herritarren artetik sortutako behar bati erantzutera gatoz. Eta Txoko Feminista iritsi aurretik abian jartzea erabaki dugu", adierazi du Ainhoa Sanchez Garcia zinegotziak. Programazio finko bat izango du horrek eta datozen lau hilabeteetarako zehaztutako ekintzak aurkeztu dituzte.
Egitaraua
Lehenengo solasaldia izango da trans legearen gaineko solasaldia irailaren 26an, 18:00etan, Arkupen; Bilgune Feministak martxan jarritako Gorputzen burujabetza zikloaren baitan dago. Urrian, ostera, amatasunaren bueltako hitzaldia eta Zauria(k) zine-foruma izango dira. Azaroan lodifobiaren gaineko tailerra egingo dute, eta abenduan, Irantzu Varela aktibistak Lo que quede liburua aurkeztuko du eta urtea bukatu aurretik autodefentsa feminista ikastaroa izango da.
Hona hemen antolatutako ekintzak:
'Gorputzen burujabetza' hitzaldia
Gorputzen burujabetza zikloaren baitan antolatutako ekintza honetan, trans legea landuko da, mahai-inguru baten bitartez. Bertan, Eihera Kooperatibako kide batek, berdintasun teknikari batek eta mugimendu transmaribibolloko kide batek hartuko dute parte, eta Bilgune Feministako kide batek dinamizatuko du saioa.
Dinamizatzailea: Bilgune Feminista
Data eta ordua: Irailak 26, 18:00
Kokapena: Zaraia Aretoa
Hizkuntza: Euskara
'¿Desmadradas? amatasuna feminismotik' hitzaldia
Ama izatea emakumeei lotutako genero-agindu gisa eraiki da. Eta ez bakarrik ama izatea, baizik eta ama ona izatea. Horrek erru, frustrazio eta tristura sentimenduak eragiten ditu, besteak beste. Feminismoak amatasunaren birdefinizio bat eskaintzen du, haize berria, emakume eta ama gisa kokatzeko beste modu bat, jarrera errealistago eta osasuntsuago batean, gure benetako beharrei erantzunez.
Dinamizatzailea: Andere Carbó (Ekua)
Data eta ordua: Urriak 10, 18:00
Kokapena: Zaraia Aretoa
Hizkuntza: Euskara
Zineforuma: 'Zauria(k)' dokumentala
Zauria(k) proiektua, eromena, gaizkiegonak eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik lantzen dituen dokumentala da. Sufrimendu psikosoziala eta genero bizipenak uztartzen ditu, eta 9 emakumeren errealitateak kontatzen ditu. Izendatzen ez dena ez da ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen.
Dinamizatzailea: ERDU talde feminista
Data eta ordua: Urriak 22, 18:00
Kokapena: Arkupeko bigarren solairua
Hizkuntza: Euskara
'Lodifobia zainetan' tailerra
Lodifobia zainetan deituriko saioak ahalduntze feminista izango du oinarri: Historian zehar eraikitako genero rolak abiapuntu hartuta, gaur egungo autopertzepzioa, autoestimua, indarkeria sinbolikoak... landuko dira gune seguru batean. Honakoak izango dira landuko diren gaiak: genero-rolak norberarengan dituen ondorioak; lodifobiaren definizioa, adibideak, jatorria; indarkeria matxistaren logika lodifobian; intersekzionalitatearen ikuspegia; moda eta indarkeria estetikoa; eta autoestimua eta autokontzeptua.
Dinamizatzailea: Edurne Pujana (Daiteke)
Data eta ordua: Azaroak 21, 18:00
Kokapena: Zaraia Aretoa
Hizkuntza: Euskara
'Lo que quede ' liburuaren aurkezpena
Irantzu Varela, komunikatzaile euskaldun, feminista, bollera eta lodi-aktibistak, bere memoria autopornografikoetan barneratzera gonbidatzen
gaitu. Liburuak salgai egongo dira ekitaldian, eta ordainketa txartelarekin egin beharko da.
Dinamizatzailea: Irantzu Varela
Data eta ordua: Abenduak 11, 18:00
Kokapena: Zaraia Aretoa
Hizkuntza: Gaztelera
Autodefentsa feminista tailerra
Emakumeok egunero milaka eraso jasaten ditugu, gizarte bortitz, sexista eta patriarkal batean bizi garen einean. Indarkeria emakumeak kontrolatzeko eta menperatzeko mekanismo gisa erabiltzen da eta egoera horren aurrean, erasoen prebentziorako, autodefentsa feminista dugu
baliabiderik egokiena. Saio honen helburuak honakoak dira: norberak bere buruarekiko konfiantza lantzea, biktimaren rola baztertu eta arriskuari aurre egiteko gai garenaren sentimendua uztartu eta lantzea, eta erasoei aurre egiteko oinarrizko teknikak ikasi eta praktikan jartzea.
Dinamizatzailea: Esther Lopez (SAFO eskola)
Data eta ordua: Abenduak 28 eta 29, 10:00-14:00
Kokapena: Kiroldegia
Hizkuntza: Euskara eta gaztelera
Orotariko ekintzak egingo dituzte, eta iaz izandako arrakastaren ostean, autodefentsa feminista tailerra errepikatu egingo dute.
Tailerretan izen-ematea
Orokorrean ekintza guztietan sarrera librea izango den arren, tailerretan izena eman behar da. Beraz, Lodifobia zainetan tailerrean edo/eta Autodefentsa Feminista tailerrean izena emateko, berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidera idatzi beharko da, urriaren 31a aurretik, izen-abizenak, telefono zenbakia eta jaso nahi den tailerraren izena esanez.
Txoko feminista, Ilargi plazan
Udala bidelagun duela, Txoko feministak izango duen lokala ere izan dute hizpide jabetze eskolaren programaren baitan. Lokala lortzeko prozesua iazko ikasturtean hasita, eta dagoeneko bukatuta, bigarren fasean herritarrei informazioa helarazi nahi diete, eta aurrera begirakoak ere prest dituzte.
Ilargi plazako Zainduz-eko lokala aproposa zela ikusi genuen. Hirugarren fasea hasten denean zehaztuko dugu antolaketa, mamia…", adierazi du Ainhoa Sanchezek, Aretxabaletako Udaleko Berdintasun departamentuko zinegotziak. Lokalaren kokapena finkatuta, Aretxabaletako Udaleko Berdintasun departamentuko zinegotziak azpimarratu du, herrian dagoen behar batetik sortutako prozesua dela eta bide horretan jarraituko dutela, hau da, herritarren beharrak asetzen.