Aretxabaletako Udalak berdintasunerako barne plana landu du azken hilabeteotan langile eta zinegotziekin. Lau urterako plana izango da, 2024-2028 epealdirako, eta dagoeneko programa zehaztu dute. "Barne antolakuntzari dagokionez uste dugu garrantzitsua dela barne plan bat izatea berdintasunean oinarritutako herri bat gura badugu", adierazi du Berdintasun departamentuko zinegotzi Ainhoa Sanchez Garciak.
Diagnostikoa egoera aztertzeko
Prozesuari urtarrilaren bueltan ekin zioten talde eragile bat sortuta eta horrek motor lanak egin ditu. Gidari lanetan, ostera, Murgibe Aholkularitzako kideak izan dituzte. Diagnostikoa egin zuten lehenengo, egoeraren berri jasotzeko, eta lau eztabaida talde sortu zituzten hori lantzeko.
Identifikatu zituzten hainbat gabezia, adibidez jazarpen protokolorik ez duela Udalak. Arrakala horizontalean eta arrakala bertikalean ere jarri dute fokua: "Non dauden gizonak eta non emakumeak erakundearen barruan aztertu dugu, historikoki eman den lan banaketa sexuala hori mantentzen den edo ez. Eta ea hirarkia mailan ezberdintasunak dauden gizonen eta emakumeen artean. Ikusi dugu arrakala horizontala ematen dela: gizonak lan egiten dute lan produktiboagoetan eta emakumeak gehiago dihardutela biztanleriaren zaintzara bideratutako lanetan", azaldu du Murgibeko Garazi Calle Zumaldek.
Hiru lan-ildo zehaztuta
Diagnostiko hori oinarri hartuta hiru lan-ildo ezarri dituzte: bata, kultura eta komunikazio berdintzailea sustatzeko; bigarrena, langileen kudeaketan berdintasuna lantzeko, eta azkena, Udalean genero perspektiba txertatzera bideratuta. "Atal bakoitzari dagozkion helburuak ezarri dira eta helburu bakoitzarekin zein ekintza egin zehaztu da. Ekintza gutxi eta neurgarriak izango dira", dio Malena Gonzalez Altunak, Udaleko Berdintasun teknikariak.
Prozesu horretan Udal langileen %70ak hartu du parte: "Lanketarako sortutako eztabaida taldeak oso partehartzaileak izan ziren, jendeak gogotsu egin du lan", gaineratu du Callek.