Lierni Zangitu Arroyo: "Jai giroan ere euskara kalean gura dugu"

Mirari Altube Arrese 2024ko uzt. 29a, 18:05

Lierni Zangitu Arroyo, euskara elkartearen sarreran.

Orain dela urtebete hartu zuen Loramendi euskara elkartearen ardura. Abendutik, 30. urteurrena ospatzen dihardute eta, Andramaixetan txupinazoa botako du zuzendaritza batzordeko gainerako kideekin batera.

Iazko ekainean egindako batzar orokorrean hartu zuen presidente ardura Lierni Zangitu Arroyok (Aretxabaleta, 1991), eta 30. urteurreneko ospakizunak antolatzen eta ospatzen dihardu ordutik elkarteko teknikariekin – Ainhoa Sanchez eta Ion Egidazu– eta Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideekin batera –Julen Perales, Olaia Etxenausia, Amaia Berezibar, Ane Errarte eta Mirari Altube.

Zuzendaritzan lehenengoz, baina Loramendi ondo ezagutzen duzu.

Gaztetxoa nintzela, Nerea Lete teknikari zen sasoian, kultur talde bat osatu zen, eta han ibili nintzen, ez dakit oso ondo zertan. Ondoren, ludotekako hezitzaile izan nintzen; bost urte egin nituen han. Langile izan izanak barruko funtzionamendua hobeto ulertzen lagundu dit.

Elkartearen 30. urteurrenari heldu behar izan diozue; zelan doa?

Oso ondo. Antolatu diren ekintzen erantzunarekin pozik gaude. Gertukoak izan dira batzuk, etxekoak, goxoak, baina, era berean, jendearengana iritsi gara; horien artean dago elkartearen sortzaileei aitortza. Egin beharrekoa zen, egindako lan guztia eskertzeko. Udaletxe zaharreko atarian, era xumean, prestatu genuen museoa ere badago; jende asko pasatu zen handik, eta oroitzapen asko piztu zituen.

Gaur egun, zer du esku artean elkarteak?

Euskararen erabilera sustatzeko lanean dihardu Loramendik, Udalarekin batera, eta bereziki gura dena da hezkuntza formaletik kanpo, aisialdian, erabilera indartzea. Bost proiektu ditu abian; ikasturte osokoak direnen artean daude: ludoteka, bi langilerekin; hizkuntza errefortzuak, beste bi langilerekin; eta gero, Auzoko eta Barriketan egitasmoak, langile batek dinamizatuta. Bosgarren proiektua uztaileko udalekuak dira –Aste Santuan ere egiten dira–, bi langilek koordinatuta eta 35 bat hezitzailerekin.

Zelako egoera bizi du euskarak Aretxabaletan?

Euskal Herrian, orokorrean, erabileraren egoera ez da ona. Jakintza edo ezagutza bermatuta dugu hezkuntza sistemari eta hainbat proiekturi esker, baina erabilera beste kontu bat da. Baita Aretxabaletan ere; ez dakit gizartea eraldatzen ari delako den, baina agerikoa da kalean.

Hortaz, Loramendiren erronkak hortik datoz?

Bai, erronkak dira abian ditugun proiektuekin aurrera egitea, batetik; eta, bestetik, atzematea euskarak zein behar dituen Aretxabaletan eta hori jakinda lan egitea: hausnartuta, ekintzak zehaztuta eta proiektuak garatuta.

Loramendi indarra galtzen joan da herrian?

Orokorrean, elkarteekiko atxikimendua aldatu egin da; lehen, herrigintza indartsu zegoen, militantzia zen oinarria, eta boluntario lan asko egiten zen. Eredu hori aldatzen joan da, gizartea aldatu den heinean, eta gaur egun zaila da herrigintzan jarduteko tarte bat topatzea. Hori igarri egin du Loramendik ere. Bazkideen babesak jarraitzen du, eta ekintzak antolatzeko erantzun ona jasotzen dugu, baina gure helburua da herrira zabaltzea eta bazkideekin zein herritarrekin elkarlana estuagoa izatea, egunerokoagoa. Zaila da hori; Zuzendaritza Batzordea osatzeko kideak topatzea ere zaila da, baina egingo dugu.

Andramaixetan txupinazoa botako duzue; pozik?

Bai, noski, eta eskertuta gurekin akordatu delako Udala. 30 urtean lan handia egin da, eta horri aitortza egiteko unea izango da. Era berean, garrantzitsua da euskara jai giroan ere presente egotea. Hortaz, herritar guztiak gonbidatuta zaudete txupinazora, gurekin batera, eta jaiak euskaraz bizitzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak