Aretxabaletako Tomatearen Eguna irailaren 15ean ospatuko dute

Imanol Beloki Unamuno 2024ko uzt. 16a, 16:00

Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketaren bigarren edizioaren berri eman dute Foru Aldundiko, Aretxabaletako Udaleko eta Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek eta irailaren 15ean izango dela iragarri.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbe elkartu dira lehiaketaren berri emateko Angel Mari Etxabe, Debagoieneko Garapen agentziako arduradunarekin eta Debagaraia Landa Garapena elkarteko ordezkariekin batera.

Garaikoa eta bertakoa den produktuari garrantzia emateko aprobetxatu zuen Iturbe alkateak. Turismo gastronomikoa bultzatu nahi dutela esanez, eta beraien produktua ezagutzera ematea dela asmoa azpimarratuz: "Aurten lehiaketako bigarren edizioa izango da, eta, irailaren 15era arte ekoizleek fin-fin zaindu beharko dituzte euren tomateek. Lehiaketaz gain, Aretxabaletako tomateak izan du bere oihartzuna, hemen sortutako barietatea da, eta aurten eguraldia ez da izaten lagun, baina, irailaren 15ean izango da aukera tomatea dastatzeko, tabernetan pintxoak izango dira, sukaldatze-tailerra izango da, haziena ere… interesgarri dator bigarren edizioa".

Kalitatezko lehengaien garrantzia

Azahara Dominguez diputatuak ere Aretxabaletako produktua balioan jartzeko aprobetxatu zuen, eta, bertako gastronomiaz gozatzeko Aretxabaletako jaira animatu ditu herritarrak. "Gipuzkoa mundu mailan ezaguna da bere gastronomiagatik, eta gure sukaldariak gastronomiko erreferenteak dira beraien sorkuntzengatik eta talentuagatik, baina, kalitatezko lehengaiak erabiltzen dituztelako eta Aretxabaletako tomatea horren adibide da".

Lehiaketara begira oinarriak ere zehaztu dituzte, azpimarratuz, lehiaketan parte hartzeko aurrez izena eman behar dela kultura@aretxabaleta.eus helbidean. Horretarako azken eguna, irailak 12, osteguna, 12:00etan izango da. 

Egitarau osoa irailean

Aretxabaletako tomatearen egunaren baitan, egitarau osoa, aurrerago eskainiko dutela azaldu zuten udal ordezkariek. Hala ere, Iturbek aurreratu zuen, antzinako tomate barietateen erakusketa egongo dela, haziak erauzteko tailerra, tomatearen egindako pintxoak tabernetan… eta beste hainbat ekintza egun osoan zehar.

Lehiaketaren oinarriak

Hona hemen izena emateko argibideak eta lehiaketaren oinarriak:

1.- Euskal Herriko bertako tomatea izan behar da. (Barietate hibridoak ez dira onartuko)

2.- Euskal Herrian erroldatuta dagoen edonork parte hartu dezake.

3.- Lehiakide bakoitzak aurkezten duen barietate bakoitzeko bi ale entregatu beharko ditu (erakusten diren aleak antolatzaileen esku geldituko dira)

4.- Lehiaketan parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Izena emateko azken eguna irailak 12, osteguna, eguerdiko 12:00etan. Izena posta elektronikoz eman behar da, honako helbidean: • kultura@aretxabaleta.eus • Asuntoa: 2024ko Euskal Herriko bertako tomate lehiaketa. - Nortasun agiriaren kopiarekin batera ezinbestean ondorengo datuak bidali behar dira: • Izen-abizenak: • Telefonoa: • Herria: • Aurkezten den barietatearen izena: - Informazioa osatzeko nahi izanez gero bidali daitezkeen datuak: • Noiztik ugaltzen duen barietatea: • Nondik iritsi zaion edota norengandik:

5.-Tomateak, irailak 15ean, goizeko 9:30etik 10:30ak bitartean ekarri behar dira Aretxabaletako Udalak Durana kalean horretarako jarriko duen karpara.

6.- Epaimahaia adituek osatuko dute.

7.- Sariak honakoak izango dira: -1. saria: 500 euro eta garaikurra. -2. saria: 300 euro. -3. saria: 150 euro. -Aipamen berezia, Aretxabaleta tomate onenari. Saria: 150 euro.

8.- Epaimahaiaren erabakia, irailak 15ean, eguerdiko 13:30ean lehiaketa antolatu den karpan emango da.

Oharra: Saria eskuratzeko ezinbestekoa izango da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Era berean, lortutako sariaren ordainketa-kontuaren titulartasuna egiaztatu beharko du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak